Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Alemaniako ekonomialariak euro-bonoen defentsan

FELIPE ETXEBARRIA

FELIPE ETXEBARRIA

Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko alternatiba eraginkorrena euro-bonoak direla aldarrikatu du Alemaniako ekonomialari talde batek, Angela Merkelen plana baztertuta.

Europako buruzagien azken telekonferentzia hitzarmenik gabe amaitu ostean, agintariek bi asteko epea ezarri zuten eztabaidarekin jarraitzeko. Koronabirusaren izurriteak sortutako krisiari aurre egiteko bi tresna ezberdin daude orain eztabaidan.

Batetik, eurobonoak. Italiak, Espainiak, Frantziak eta Europa hegoaldeko gainerako estatuek defendatzen duten tresna da hori. Tresna honen bidez Europar Batasun osoak hartuko luke zorra bere gain. Bestetik, Europako Erreskate Mekanismoa. Alemaniak, Holandak eta Finlandiak defendatzen dute hori eta Europako hegoaldeko herrialdeek gaitzetsi, merkatuetan estigma sortuko lieketelako.

Alemanian Koloniako Ekonomia Ikerketarako Institutuak (Institut für  Wirtschaftforschung) gaur kaleratutako txosten batean Merkelen eta Europa iparraldeko herrialdeen jarrera kritikatu du. Europako Erreskate Mekanismoak dituen arriskuez ohartarazi du eta eurobonoak defendatu ditu.

Zer dira eurobonoak?

Europa Hegoaldeko herrialdeek bilioi bat eurobono plazaratzea proposatu dute. Beraiek eta Alemaniako ekonomialari hauek uste dutenez, zorra denen artekoa izanda, Holanda eta Alemania bezalako ekonomia indartsuek sinesgarritasun gehiago eskaintzen dietela finantza merkatuei, eta beraz, interes tipo txikiagoak ordaindu beharko lituzkete. Ostera, iparraldekoek gaitzetsi egiten dute hori, beraien zor publikoarengatik interes tipo handiagoak ordaindu beharko lituzketelako.

Horren ordez, Berlingo gobernuak Europako Erreskate Mekanismoa defendatzen du. 200.000 milioi euroz osatutako funtsa izango luke, arazoak dituzten estatuak erreskatatzeko. Baina Koloniako Institutuko adituek diotenez, mekanismo hau oso arriskutsua da, egoera zailean dauden herrialdeen egoerak okerrera egingo lukeelako.

Mekanismo horrek mailegua azkar itzultzea eskatzen du, herrialde hauek zorra itzultzeko epe luzeak behar dituztenean. Gainera, erreskate batek herrialde horiek finantza merkatuetatik kanpora botako lituzke, beren egoera zeharo hondatuz.

Arrisku hauek direla eta, Alemaniako ekonomialariek eurobonoak defendatzen dituzte. Haien ustez, tresna hoberena da Europa mailan finantza krisia saihesteko. Tresna hau momentu berezi honetan soilik erabiltzea proposatzen dute, 1974an egin zen bezala. Orduan ere zorra denen artean beren gain hartu zuten, Europak bizi zuen orduko petrolioaren krisiari aurre egiteko.