Itxi

Juanjo Sanmiguel

ANALISIA

Justizia

JUANJO SAN MIGUEL

JUANJO SAN MIGUEL

Espetxe zigorra bete duten presoei jarraipena egitea onartzen duen lege proiektua aurrera aterako da Frantzian.

Frantziako Asanblea Nazionalak, aste honetan aurkeztutako lege proiektua onartzen badu, eta hala dirudi, erabateko gehiengoa duen Errepublika Martxan alderdiak eraman duelako, espetxe zigorra bete duten presoei jarraipena egin ahal izango zaie, behar izan ezkero eskumuturrean edo orkatilean gailu elektronikoa ezarriaz. Legearen defentsan, Macronen alderdiko parlamentarioek diote, eraso terroristak galeraztea duela helburu, herritarren kezka lasaitu eta arriskutsuak diren pertsonen joan etorrien berri izatea, egindakoa edo antzerakoa berriro egin ez dezaten.

Legeak aurkeztu aurretik polemika sortu du. Egia da gaur egun preso ohi askoren mugimenduak kontrolpean daudela, batzuek debekatuta dutela leku batzuetara hurbildu edo eremu jakin batetik irtetea. Baina lege honek gutxienez bi galdera edo bi zalantza sortzen ditu: zilegi al da gizartearekiko zorra kitatu duen persona zaintzapean izatea? Eta bestea, zertarako balio du kartzelak, presoak irten orduko barrura eraman zuen delitu bera egiteko prest egon litekela aitortzen badugu?

Nelson Mandelak omen zioen, herri baten izaera nolakoa den egiaztatzeko, dituen espetxeak ezagutzea ezin bestekoa dela. Gaur egungo kartzela asko eta asko, pertsona biltegi hutsak dira. Gizarteak horrelako lekuak irekitzeko izango lituzken arrazoietatik bakarra betetzen du, arriskua urrutiratu, azken finean presoa gizartetik eta bere ingurutik aldentzen dugulako, baina justiziak izan beharko zukeen helburu nagusia presoaren bergizarteratzea ez da gehienetan betetzen.

Munduko espetxe guztiak ez dira berdinak, hemen ere aberastasunak eta baliabideek nabarmen bereizten baitituzte herrialde batzuk eta besteak. Gure inguruan, herrialde aberats eta garatuetan, berez kartzelak eginkizun zehatza izan beharko luke, gaizki egindakoa zigortu, baina beti ere presoari aukeraren emanaz, bergizarteratzeko edo bere bizimodua berregiteko. Baina espetxe asko, baita Europakoak ere, legerik gabeko lurraldeak dira. Presoaren duintasuna kartzelako atea zeharkatu orduko hauts bihurtzen da. Arduradunek kanpoan delitua izango litzatekena onartzen dute barruan, ustez orekari eutsi eta giroa asaldatu ez dadin.

Delitu asko gorrotagarriak dira, zenbait zigor arinegiak iruditzen zaizkigu, ulermenaren muga guztiak urratu dituztelako. Baina kartzela ez da mendekurako tresna, justiziak gizartearen izenean, zigorra jaso duen presoari, baina batez ere herritarrei erakutsi behar die irizpide, arau eta portaera batzuk, beste batzuk baino hobeak eta egokiagoak direla,elkarbizitza posible izan dadin. Mendekua juxtu horren konntrakoa da.