Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Naturaren jabetza

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

- Erredakzioa -

Egiptok, Sudanek eta Etiopiak, urtetako lehia dute Nilo ibaiaren uraren banaketa dela eta. Afrikako ibai oparoaren urek Egiptoko lurrak aberastu dituzte mendetan zehar.

Egiptok, Sudanek eta Etiopiak, urtetako lehia dute Nilo ibaiaren uraren banaketa dela eta. Afrikako ibai oparoaren urek Egiptoko lurrak aberastu dituzte mendetan zehar, baina orain Etiopiak dio Afrikako bihotzean jaiotzen den ibai horren emariaren zati bat beraiei ere badagokiela, eta urtegi handia egin dute ur hornidura ziurtatu eta batez ere argindarra lortzeko. Proiektuak gerraren atariraino eraman ditu bi herrialdeak.

Klima aldaketaren ondorioz, Artikoan gero eta izotz gutxiago dago, azkarrago urtzen da eta gehiago kostatzen zaio berriro sendotu eta gogortzea. Horrek, ingurumenaren orekarako albiste txarra bada ere, negozioetarako aukera bikainak eskaintzen dizkie ustez Ipar Poloan eskumenak dituzten herrialdeei. Oso aberatsa omen da izotz azpiko lurpea, petrolioa, gasa, urrea eta balio handiko mineral ugari baitago bertan. Horrez gain, izotzik gabeko itsasoak, urte-sasoi batzuetan behinik behin, asko moztuko lituzke Asiako Ekialdetik Europarako bidaiak, gaur egun Afrikako hegoaldetik edo Suezko kanaletik egiten direnak. Artikoa ezinbestekoa da ingurumenaren orekarako, baina itxuraz estatu Batuek, Kanadak, Errusiak eta Artikoraino iristen diren Europako bost herrialdeek, beste lehentasun batzuk dituzte.

Amazoniako eta Afrikako baso tropikalak, Artikoa bezain garrantzitsuak dira Lurraren orekarako. Horregatik nazioarteko erakundeek behin eta berriz eskatu diete bertako herriei eta gobernuei oihana babestu dezatela, gizateriaren etorkizuna etekin ekonomikoaren aurretik jarri dezatela. Nazio Batuek diote natura, gu guztion etorkizuna, gerrek edo erabaki politikoek eraiki dituzten estatuen gainetik daudela. Estatu bateko mugetan ezin dela edozer gauza egin, barruan gertatzen den horrek Mundu guztian izan lezakeelako zuzeneko eragina.

Baina gaur egun, oraindik urratu gabeko oihanen jabe diren herriek diote, guk aberatsok, mendetan egin duguna ez egiteko eskatzen diegula beraiei. Guk, gure ingurumena txikitu dugu, naturaren baliabideak suntsitu eta oreka orokorra arriskuan jarri. Orain berriz beste herri hauei eskatzen diegu ez dezatela bide hori jorratu, asko eta askorentzat baso horiek ematen dizkieten baliabideak izan arren irauteko bide bakarra. Kontsumoari dagokionean beste horrenbeste. Gaur egun urtero xahutzen dugunari eusteko bi lur beharko genituzke. Garapen bidean omen dauden herriek gure maila lortuko balute lau lur baino gehiago beharko genituzke, horregatik beraiei eskatzen diegu garapena eta kontsumoa mugatu ditzatela, eta onartzen ez badute zuzenean galarazi egiten diegu.

Koronabirusak erakutsi digu gizateria bat eta bakarra dela, guztiok ditugula behar eta arrisku beretsuak, baina dirudienez batzuk lehenago iritsi ginen oraindik banatu eta partekatu ezin liteken eremu honetara.