Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Erresuma Batuko Gobernuaren sinesgarritasuna jokoan

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarriak Boris Johnsonen azken polemika hartu du hizpide analisi honetan.

Albisteak (1)

Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko merkataritza akordiorako negoziaketak egoera zailean dauden honetan, Londresko gobernuak onartu nahi duen legedi berriak arriskuan jartzen du egun indarrean dagoen “brexit”aren akordioa. 

Legedi berri horren bitartez Londresko gobernuak Ipar Irlanda eta gainerako Erresuma Batuaren arteko kontrolak kendu nahi ditu. Modu horretan, Europar Batasunarekin sinatutako akordioa hautsiko luke. Akordio horrek Erresuma Batuaren eta Irlandako irlen artean kontrolak aurreikusten ditu, bi Irlanden arteko muga ekidinez, eta Erresuma Batuaren eta Europaren arteko mugan bihurtuz.

Akordioetan adostutakoaren arabera, bi Irlanden arteko muga irekia izango litzateke eta Ipar Irlandak Europako Merkatu Bateratuan jarraituko luke. Akordio hori betetzea etorkizuneko beste edozein akordio baterako ezinbestekoa da, Bruselatik ohartarazi denez. 

Etorkizuneko harremanei buruzko negoziaketak etenda dauden une honetan legedi berri hau aurkezteak Boris Johnson lehen ministroaren probokazioa diru. Batzuen arabera, konorabirusaren kudeaketa negargarria zuritu nahi du modu horretan. 

Nazioarteko itun bat hausteak munduko beste herrialdeekiko negoziaketetan ere ondorioak ekar diezazkioke Erresuma Batuari. Estatu Batuetako alderdi Demokratako buruzagi batzuk esan dutenez, Joe Bidenek hauteskundeak irabaziz gero, Ipar Irlandari buruzko akordio ez betetzeak arriskuan jarriko luke Estatu Batuekiko edozein merkataritza itun.