Itxi

Felipe Etxebarria

ANALISIA

30 urte geroago, bi Alemanien arteko aldeak ez dira desagertu

FELIPE ETXEBARRIA

FELIPE ETXEBARRIA

Azken 30 urteetan Ekialdeko Alemaniak urrats handiak egin ditu mendebaldera hurbiltzeko. Arlo ekonomikoan, ordea, ezberdintasunak ez dira desagertu.

Urriaren 3a, larunbata, jaieguna da Alemanian. Egun horretan duela 30 urte, 1990eko urriaren 3an, bi Alemaniak batu egin ziren. Ia urtebete lehenago, 1989ko azaroaren 9an, Berlingo Harresia erori zen.

Bigarren Mundu Gerra galdu ondoren, Alemania lau eremutan zatitu zuten potentzia irabazleek. Mendebaldean, Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Frantziak kontrolatzen zuten eremuak batuz, Alemaniako Errepublika Federala sortu zuten 1949an. Ekialdean, berriz, Sobietar Batasunaren menpe zegoen zatian, Alemaniako Errepublika Demokratikoa sortu zen aldi berean.

Bategitetik 3 hamarkada igaro badira ere, ekialdearen eta mendebaldearen arteko ezberdintasunek jarraitzen dute, Alemaniako Gobernuak kaleratutako azken txostenaren arabera. Hala ere, Ekialdeko Alemania zenak neurri handi batean konpentsatu egin du mendebaldearekiko atzerapen ekonomikoa. Lehengo Alemaniako Errepublika Demokratikoko herritarren per capita BPGa herrialdeko gainerako herritarrenaren % 79,1 da, eta duela 30 urte % 37 baino ez zen. Beraz, horien botere ekonomikoa laukoiztu egin da.

Diru-sarreren arloan ere, arrakala asko murriztu da. Gaur egun, ekialdeko herritarren diru-sarrerak, batez beste, % 12 txikiagoak dira, mendebaldekoen diru-sarrerekin alderatuta. Alderdi komunista zen horretan egun biztanleriaren dentsitate txikiagoa dagoela eta hiriguneak gutxiago garatuta daudela kontuan izanda, aldeak ez dira desagertu oraindik. Ekonomiak ere "maila txikiagoa" du bertan, eta ez dago ikerketa eta garapenean inbertitzeko moduan dagoen egoitza eta enpresa handirik.

Beste aurrerapen handi bat enplegu arloan gertatu da. 2005ean Alemaniako Errepublika Demokratiko ohian langabezia-tasa % 15etik gorakoa zen, baina gaur egun % 10etik behera dago (eskualde askotan % 6tik behera), alor batzuetan dauden enpresa txiki eta ertainen ehundura handiari esker.

Arlo batzuetan, gauzak hobeto doaz ekialdean mendebaldean baino. Errepublika Demokratiko ohian bizi diren emakumeek, esaterako, lanaldi osoko lana egiteko aukera handiagoa dute; % 74 dira alde horretan, eta % 68 baino ez, bestean. Ekialdean, besteak beste, haurrak zaintzeko sistema hobea dutelako gertatzen da hori. Hala ere, hobekuntza horiek gorabehera, datu orokorrak okerragoak dira bertan.

Politika alorrean, berriz, sistema demokratikoaren eta horren erakundeen onarpen-tasa % 91ra iritsi da mendebaldean, eta % 78koa da ekialdean. Etorkinenganako jarrera ere ezberdina da. Ekialdeko estatu federaletan, etorkin askoz gutxiago egon arren, jarrera xenofobo gehiago izaten dira. Berlinen izan ezik, ekialdeko alemaniarrek nahiago dituzte eskuin muturreko aukerak, eta horren erakusgarri da hauteskundeetan maiz botoen % 20 baino gehiago lortzen dituztela.