Itxi

Felipe Etxebarria

ANALISIA

Sistema osoaren "porrot arriskuaz" ohartarazi dute AEBn

FELIPE ETXEBARRIA

FELIPE ETXEBARRIA

Trumpek narratiba bat ezarri du, eta horren arabera, hauteskunde-sistemak bere legitimitatea berma dezake, berak hauteskundeak irabazten baditu. Eta galtzen baditu, sistema ustela dela frogatzen du.

Donald Trump presidenteak asteak daramatza hauteskundeak galduz gero izango lukeen jarrerari buruz zalantzak sortzen. Behin eta berriz ukatu du hauteskunde sistemaren zilegitasuna eta horrek "sekula ezagutu den krisi politikoa ekar lezake Trumpek hauteskundeak galdu dituela onartuko ez balu". Hala dio Lawrence Douglas  legegile ospetsuak eta Massachusettesko Amherst Collegeko irakasleak.

Gutxigatik galtzen badu, Trumpek hauteskundeetan iruzurra izan dela salatu dezake, eta aldi berean bere garaipena aldarrikatu. Douglasek dionez, "presidentea oinarriak jartzen ari da hondamendi egoera sortzeko”. Trumpen diskurtsoaren arabera, sistema zuzena da hauteskundeak berak irabazten baditu. Bere garaipenak zilegitasuna frogatzen du. Ostera, galtzen badu, hori sistema ustelduta dagoenaren froga litzateke.

Joe Biden hautagai demokratak posta bidezko botoei esker irabazten badu, hautagai errepublikanoak seguruenera emaitzak gaitzetsi egingo ditu. Lawrence Douglasek Amerikako Estatu Batuetan sekula ezagutu ez den egoera planteatzen du "Will he go?" ("Joango ote da?") liburuan. Kasu horretan Trumpek auzitegietara joko luke eta presio handia egingo luke estatuengan hauteskundeen emaitzak onar ez ditzaten. Beraz, botoen kontaketa berri bat behartuko luke.

Douglasek dioenez, emaitzei buruzko eztabaida Kongresura iritsiko balitz eta zatiketa zabaldu, horrek "sistema osoaren porrota" ekarriko luke.

Irakaslearen ustez, ez dago munduan segurtasun sistemarik "norbaitek sistemaren arauak onartzen ez dituen kasurako". Konstituzio arauen aurrean Trumpen mespretxuen modukorik ez da ezagutu AEBko historian.

Emaitza argi batek soilik saihestu dezake horrelako eszenario katastrofista bat. Baina hauteskundeak galdu eta Etxe Zuria utziko balu ere "Trumpek kaoserako eta zatiketarako indarra izaten jarraituko luke", milioika jarraitzaile fidel izaten jarraituko lukeelako, Douglasen arabera.