Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Munduko merkataritza elkarte handiena sortu dute Asian

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Boterera iritsi zenetik Trumpek Txinari zuzendu dizkio kritika guztiak, AEBko ekonomiari ustez egiten dion kaltea salatuz. Aldi berean, ez die Asiako beste herrialdeei jaramonik egin.

Txinak eta Asia hegoalde eta mendebaldeko beste 14 herrialdek munduko merkataritza librerako hitzarmen handiena izenpetu dute igande honetan. Akordio horrek agerian jarri du Donald Trumpen garaian AEBk munduko eskualde horrekin izan duen axolagabekeria.

Boterera iritsi zenetik Trumpek Txinari zuzendu dizkio kritika guztiak, Amerikako Estatu Batuko ekonomiari ustez egiten dion kaltea salatuz. Aldi berean, ez die Asiako beste herrialdeei jaramonik egin.

Txinak Trumpen utzikeria aprobetxatu du. Asia eta Pazifikoko 15 herrialdek, Txinaz gain, Japoniak, Hego Koreak, Australiak, Zeelanda Berriak eta ASEAN elkarteko 10 herrialdek (Indonesiak, Thailandiak, Singapurrek, Malaysiak, Filipinek, Vietnamek, Myanmarrek, Kanbodiak, Laosek eta Bruneik) akordio garrantzitsu hori sinatu dute COVID-19a dela eta birtualki egin duten goi bileran. 2017 urtean Donald Trumpek TPP akordiotik, alegia, Lankidetza Trans Pazifikoko akordiotik, baztertu zuen herrialdea. Modu horretan, Barack Obamarekin hasitako negoziaketak bertan behera geratu ziren.

Orain sortu den RCEP izeneko talde berria munduan dagoen merkataritza elkarterik handiena da. Berori osatzen duten herrialdeen barne produktu gordin osoa munduko % 30 da. Eta 2.000 milioi biztanle baino gehiago batzen ditu.

Adostutakoaren arabera, inportazioen zergak murriztu egingo dira, aduenetako prozesuak bateratu eta jabetza intelektuala errespetatzeko atalak ere barneratuko dira. Hala ere, langileak babesteko eskubideak eta ingurumena zaintzeko neurriak kanpoan geratu dira.

Pandemiaren ondorioz ekonomia krisi larrian dagoen unean lortu dute akordioa. Dena den, India kanpoan geratu da. Indiak negoziaketetan parte hartu du, baina azkenean kanpoan geratzea erabaki du, Txinak produktu merkeekin bere merkatua gainezka jarriko duen beldurrez. Aurrerago akordioarekin bat egiteko aukera du, ordea.