Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Gerra galduak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Afganistango inbasioak Nazio Batuen onarpena izan zuen. Irakeko gerra, aldiz, gezurretan oinarrituta eta nazioartearen oniritzirik gabe egin zuten.

Donald Trumpek adierazi du Iraken eta Afganistanen diren soldadu estatubatuarrak erretiratu egingo dituela, eta bi gerra hauei amaiera emango diela. Ez dakigu gaur egun bi herrialde horietan dauden militar guztiak etxeratuko ote dituzten ala ehunka batzuk geratuko ote diren aholkulari gisa. Baina Trumpen plan horiek gogoratu digute, orain dela 19 eta 17 urte hasitako bi gerra horiek ez direla oraindik erabat amaitu, eta bietan Estatu Batuek ez dutela hasieran jarritako helburu bakarra lortu.

Afganistango inbasioak Nazio Batuen onarpena izan zuen, gobernu gehienek uste baitzuten Dorre Bikien erasoak antolatu zituena babestu eta lagundu zutela talibanek; Irakekoa, aldiz, gezurretan oinarrituta eta nazioartearen oniritzirik gabe egin zuten. Afganistanen amerikarrek bilioi bat dolar xahutzeaz gain, 2.500 soldadu hil ziren eta 20.000tik gora zauritu. Hildako afganiarrei buruz ez dago kopuru zehatzik, baina 200.000 inguru izan litezke. Estatu Batuek talibanak agintetik bota eta Afganistanen demokrazia eta garapena zeuzkaten helburu hara soldaduak bidali zituztenean, gaur egun talibanek herrialdearen erdia baino gehiago kontrolpean dute, eta demokrazia orain dela 20 urte bezain urruti dago, aldiro aldiro hauteskundeak egin arren.

Iraken aldiz bi bilioikoa da gastatutako dirutza, 4.500 hildako soldaduak eta 33.000 zaurituta itzuli direnak. Herrialde arabiarren artean orekatuenetakoa zena txikituta utzi zuten, inoiz izan gabeko demokrazia urruti samar dago han ere, herritarrek botoa emateko aukera izan arren. Urteetan komunikabidetan egunero azaltzen zitzaizkigun gatazka horiek itzali egin dira, ez dute ikusminik sortzen eta egun bizi dugun egoeran nahiko lan dugu gureari eusten, besteen arazoez arduratzeko.

Baina bi gerra horiek eragindako samina eta sortutako arazoak handiak dira, eta ez bakarrik erasoak jasan zituzten lurretan. Estatu Batuek gaur egun 18 miloi gerra beterano dituzte, horietatik 4,5 miliolik laguntza psikologikoa behar du bizitzen segitzeko. Egunero horietako 22k beren buruaz beste egiten du, 8.000 suizidatzen dira urtero. Beste 80.000 kalean bizi dira, etxegabeak dira. Azken sei urtetan, berriz, 45.000 soldaduk egin du beren buruaz beste.

Gerrak egiteko era asko aldatu da azken hamarkadetan, ez dira armaden artekoak, ez dago apenas legerik eta adituek diotenez beldurra, tentsioa eta ustekabekoa minuturo sentitzen dute soldaduek, askok eta askok ez du eragozpenik arauak eta eskubideak urratzeko, zurrunbiloan murgildu eta etsaiak egindakoa baino handiagoa egiteko. Vietnamgoa izan zen estatubatuarren lehen odisea, xalotasuna galdu zuteneko lurra. Han ohartu ziren gazteak infernura bidali ezkero, hango sugarrak etxeraino iritsiko zaizkiela.