Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Urte amaiera

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Urte amaiera benetan zerbaiten bukaera izan dadila, azkenak ez dezala ondorengorik izan, mamuak ez gaitzala berriro ezustean harrapatu…

Badihoakigun urtea azkenetan den honetan, atzera begiratuz gero sortzen zaigun sentipen nagusia harridura da, zalantzarik gabe. Gaur urtebete inork ez zukeen pentsatuko, ezta bere amesgaizto ilunenetan ere, horrelako zerbait biziko zuenik.

Kalera irtenez gero kolorezko itzalak ikusi ditzakegu bakarrik, aurpegiak sekretupean dira, arnasa ez da lurruntzen egun hotzenetan ere, eta sarri ez dakigu albotik pasa den hori gertukoren bat ala sekula ikusi gabekoa ote den. Leku publiko eta pribatuetan mesfidantza eta beldurra irudikatzen dituen tarteari eusten diogu, hurkoa arriskutsua bailitzan. Eta ikusten ez duguna beldurgarriagoa omen da, zaharren egoitzetan zabaldu den hilzoria, zainketa berezietako gelatako sufrimendu isila… Eta etxeetan langabezia edo langabeziari beldurra, gaitza edo gaitzari beldurra, etorkizun eza edo etorkizunari beldurra…

Denbora, gizakiok asmatu genuen munduan kokatzeko, ingurua antolatzeko, gertakariak bereizteko… Horregatik, pasatze hori menderatzen dugula iruditzen zaigu eta denbora tarte horien amaierak aldaketaren ilusioari lotzen ditugu. Bihar beste egun bat izango dela esan ohi dugu, edo urtea behingoz amaitu dadila erein dituen gaitz guztiak egutegiaren orrien gisa haizeak eraman ditzan. Historiako urterik txarrena izan dela 2020a diote zenbaitek. Gaur egun bizi garenontzako urte gordinena dela diote gehienek, denborak ez digulako aukerarik eman bortitzagoak diruditen hondamendiak ezagutzeko.

Ezagutzen dugun guztia hankaz gora jarri duen birus honek berdindu egin gaitu gizaki oro, boteretsuenak, aberatsenak, bere izaera ukatu dutenak, arriskutik kanpo zeudela uste zutenak… guztiak erori dira, edo jausteko arriskua sumatu dute. Urte amaieratan hamabi hilabetetan zehar gertatutakoaren azterketa egin ohi dugu, onena eta txarrena, ustekabekoa eta espero genuena, gertukoa eta urrutikoa gogoratzen ditugu eta datorrenaren aurreikuspenak egin. Aurten hala ere, hori ere aldatu da, gertatutakoa ez dugu oraindik asmatu eta etor litekeenari buruz ezjakintasuna da nagusi.

Beti zirriborro hutsa izan ohi den etorkizuna inoiz baino lausoagoa da, gaitzaren handitasunak ezerezean desegin du bestetan desira edo amets izan zitekeena. Zerbait eskatzekotan iritsi orduko pasoko diren egun horiei, amaierak behingoz ondorioren bat izan dezala erregutuko diegu. Urte amaiera benetan zerbaiten bukaera izan dadila, azkenak ez dezala ondorengorik izan, mamuak ez gaitzala berriro ezustean harrapatu… Eta berriro ez dezagula pentsatu, guri garatu eta aberatsoi horrelakoak ezin zaizkigula gertatu.