Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Orain dela urtebete

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Zomorro ikusezinak biluzik utzi gaitu, gure ahuldadearekin aurrez aurre, horrek ez gaitu hobeak egingo, baina hemendik aurrera ez dugu aitzakiarik izango.

Beste edozein egoeratan, etsipenez oroitzen ditugun garai normal haietan ohiko denbora tartea izango zena, amaierarik gabeko pasatze antzua bilakatu zaigu. Ez dugu gogoan noiz eta nola hasi zen, eta dakitenek esaten digute ezin dutela amaiera finkatu. Orain dela 12 hilabete baten batek esan baligu gure ohiko eremuetan gure burua ez genukeela ezagutuko, tenteltzat hartuko genuke. Bizi izan ditugun aldaketak zetozela aurreratu izan baligute ez genituzke inolaz ere sinetsiko.

Baina oinarrizko orekak suntsitu dituen hondamendiak, gure sakoneko kontraesanak azaleratu ditu, hil ala biziko erabakien aurrean jarri gaituelako. Orain arte, Europa erraustu zuten gerrak bizi ez genituenok, aukera ezberdinen artean hautatzeko parada izan dugu, okerrak konpondu zitezkeelako, hutsegiteak ez zirelako erabatekoak. Orain, aldiz, bizitzaz eta heriotzaz ari gara, guk egiten dugunak zuzeneko eragina, bortitza gainera, du ingurukoengan. Hartzen ditugun erabakiek etorkizuna baldintzatuko dute, eta gure ekintzak ezin dira nolanahi ezkutatu.

Askatasuna, segurtasuna, erantzukizuna, estatuaren eginkizuna, arauak, kontrola, pentsaera eta egin beharrekoa… Guztiak nahastu zaizkigu. Agintariek arau zehatzak ezarri dituztenean askatasuna aldarrikatu dugu, ardura eskatu digutenean beraiek duten erantzunbeharra gogoratu diegu. Gaitza ekarriko ligukeen kutsaduraren beldurrez, orain dela gutxi arte erabat onartezinak iruditutako portaerak eta erabakiak onetsi ditugu. Bide demokratikoak ezbaian jarri ditugu eraginkorrak ez direlako, eta goitik behera aginduak ezarri dituztenak goraipatu, izutzen gintuena uxatzea lortu dutelako…

Europako agintariek kritika zorrotzak entzun behar izan dituzte, erabaki askotan asmatu ez dutelako. Ez zaigu gehiegi axola izan gobernuak parlamentuaren oniritzia behar zuela, hori lortu ondoren Justiziak jarritako oztopoak gainditu behar zeuzkala eta gehienetan herritarren ondoeza aurkitu dutela erantzun gisa. Jakin bagenekien erabakiak hartu dituztenek ez zekitela zer zen zuzena eta zer okerra, baina hala ere asmatzea exijitu diegu.

Ideologiak, pentsamoldeak edo erlijioak finkatzen dizkigute irizpideak eta ekintzetarako ardatzak. Hilabete harrigarri hauetan hala ere egia gezur eta gezurra egi bihurtu ditugu lotsarik gabe, lorpenak bitartekoen aurretik jarriaz, norberaren erantzukizuna alboratuaz. Orain dela gutxi arte urratu ezina zirudiena, batez ere beste baten batek apurtzen bazuen, garrantzirik gabeko ukazio bihurtu dugu. Zomorro ikusezinak biluzik utzi gaitu, gure ahuldadearekin aurrez aurre, horrek ez gaitu hobeak egingo, baina hemendik aurrera ez dugu aitzakiarik izango.