Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Hutsunea

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Amaitzear den urteari buruz galdetuko baligute zalantzarik gabe kontu ilunak gogoratuko genituzke. Baina zorionez edo zoritxarrez, mundu borobilaren jirabira ez da eten.

Amaitzear den urteari buruz galdetuko baligute zalantzarik gabe kontu ilunak gogoratuko genituzke. Hildakoen kopurua, babesik gabeko zaharren beldurra, gazteei ezabatu zaien egunerokotasuna, inoiz horrelakorik espero ez genuenon harridura… Baina zorionez edo zoritxarrez, mundu borobilaren jirabira ez da eten.

150 miloi haur jaio dira, baten batek kontatuko die bizi ez dutena, eurak jaio ziren urtean gertatutako hondamendia, baina beraiek ez dute ezagutuko, gurasoen edo osaba-izeben aspaldiko kontuak izango dira.

Beharrak derrigortuta, aldiz, ezinezkoa zirudiena gauzatzeko gai izan gara. Aitona-amonek urrutiko irudiak jasotzeko teknologia menderatu dute. Pertsona traketsenak etxetik nola lan egin ikasi du. Beldurraren poderioz norberaren burua babesteko neurriak onartu ditugu. Erorketaren arriskuak elkartasuna zabaldu eta sendotu du, bai pertsonen artekoa, baita herrialdeen artekoa ere. Europar Batasunak orain dela urte gutxi ezinezkotzat zuena ontzat eman du, aberatsenak prest dira ahulenen zor batzuk kitatu eta egoerari aurre egiteko beharko duten dirua emateko.

Boteretsuenak eta erabakiak hartu behar dituztenak ohartu dira lurra mugatua dela eta agortzeko zorian jarri dugula. Izadia gaixotu dugula eta ez dugula sendatzeko botikarik. Etorkizuna arriskuan egon litekeela, eta ez bakarrik egunerokoari aurpegia emateko baliabiderik ez dutenentzat. Errealitatea berak asmatutako marrazkiez osatuta zegoela uste zuenak hauteskundeak galdu ditu. Bere herrikideei Paradisuaren giltzak zeuzkala esan zien buruzagiak ez du sarraila aurkitu, itxuraz, eta herritarrak ohartu dira itsasoaz bestalde ez dagoela lainoa bakarrik, elkarlanean aritzeko lankide bikainak ere izan litezkeela eta izan direla gezurren lainoak estali dituen europar egoista eta lapur horiek.

Gizateriak, berriz, inoiz egindako ahalegin bateratu handiena egin du birusa menderatzeko txertoaren bila. Interesak interes, informazioa trukatu dute, bestearen garaipenak aitortu eta botika giza orori banatzeko prest azaldu dira. Soil-soilik euren interesak babestu dituztenak gizakiari buruz hit zegiten hasi dira, jatorria, jaioterria, itxura edo bakoitzak egin lezakeen ekarpena kontuan hartu gabe. Enpatia erakusteko gai izan dira sekula bestearen buruan jarri ez direnak, amildegiaren ertza gertuegi ikusi dutelako, konturatu garelako edozein malkartu litekeela leize zulora eta gure segurtasuna uste baino eskasagoa dela, eta agian pentsatu baino lehenago laguntza beharrean aurkitu garela.

Hutsune beltzaren irudia hartu duen urtea ikasbide ere izan dugu, batez ere zer ez dugun egin behar eta zein den okerreko bidea erakutsi dizkigulako.