Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Antisistema

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Mugimendu horiek era askotakoak dira, jatorri ezberdinak dituzte eta sarri ez dute inongo loturarik izaten, baina xede nagusi bera dute, estatua desegitea.

Hitzen esanahia horrenbeste aldatu eta nahastu den garai hauetan, ez da batere erraza zeri buruz hitz egiten ari garen, batez ere gure solaskidea ondo ezagutzen ez badugu. XX. mendean sortu eta egituratu zen gaur egun Mendebaldean ezagutzen dugun estatu eredua. Ideologia anitzen ondorio dira gure erakundeen oinarriak, baina pentsaera horien jabeek eta oro har joko arauak onartzen dituzten herritarrek, ontzat ematen dituzte, kritikak eta aurkako jarrerak zilegi direlako, iraun eta sendotu daitezen ezinbestekoak alegia.

Estatuak eta erakundeak garatu ahala, kontrako mugimenduak azaldu dira, ez eraikitakoa zalantzan edo ezbaian jartzeko, goitik behera botatzeko baizik. Mugimendu horiek era askotakoak dira, jatorri ezberdinak dituzte eta sarri ez dute inongo loturarik izaten, baina xede nagusi bera dute, estatua desegitea, errotik suntsitzea, errautsetatik gizarte berri eta hobea sortzeko.

Izan dira egitura muinetan egonik, eraikuntza errautsi dutenak, baina beti ere beste bat sortzeko, ordezkoa ezartzeko. Urte arraro hauetan harriduraren mugak aspaldi gainditu genituen, hala ere oraindik ustekabekoren batek harrapatzen gaitu, edozer gauza posible dela erakusteko.

Munduko demokrazia zaharrena, berrehun urtetan zehar herrien eredu izan dena, onenaren eta txarrenaren laburbilduma delako aberatsena…arriskuan egon liteke, bere agintari nagusiak, eutsi eta aurrera eramateko ardura jaso zuenak ez dituelako funtsezko arauak onartu nahi. Arduraren gailurrean izateak ematen dion oihartzuna eta zabalkundea erabili ditu, berea behar zukeen teilatua zulatzeko, guztien babes estalia ahultzeko. Ezaguna da azken lau urtetan egin duena, baina ez genuen amaiera hau espero, azken ahalegin txundigarri hau berak zaindu beharrekoari eraso egiteko.

Sistemaren etsaiek dagoena aldatu nahi dute, beste zerbait sortu, baina beti ere herritar guztientzat izango dena, eraitsitakoa onduko duena. Hemen aldiz, agintaldiaren lau urtetan zehar egindakoari jarraituz, etxeko maizterrak bere burua izan du kontutan bakarrik, egindako txikizioak izan litzakeen ondorioak bost axola zaizkiola garbi utzita. Duen boterea eta izena eman dizkioten baliabideak arbuiatu ditu, bera gainetik dagoela aldarrikatzeko. Bera estatua baino garrantzitsuagoa delako, hiria erre arren berak harpa jotzen segi balezake guztia zilegi delako.

Hau idazterakoan ez dakigu zer egingo duen datozen ordu eta egunetan, baina orain artekoa ikusita txiki utzi litzake historian izan diren histrioi beldurgarrienak.