Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Parekotasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Gaitzak ezagutzen genuen guztia hankaz gora jarri ondoren jabetu gara, orain arte ohikoa zirudienak zenbat balio duen, hemen ere galdu arte ez garelako konturatu genuenaren balioaz.

Ez ziren batera iritsi eta zoritxarrez ez dira batera joango, baina utzi duten arrastoa antzekoa dela esan genezake. Iristear zirela, bata eta bestea gutxietsi genituen, ez zirela helduko pentsatu genuen eta ailegatu ezkero eragina ez zela horrenbestekoa izango. Eta biek ala biek gure okerra agerian utzi dute.

Zomorro ikusezina Txinan azaldu zenean, aldiro-aldiro Asiako Ekialdea astintzen duten horietako gaitz igarokorra iruditu zitzaigun eta ziur ginen ez zela guregana iritsiko. Asiatik bertatik, etor zitekeenaren larritasunaz ohartarazi gintuztenei, arrazoi eta oinarririk gabeko kezka eta beldurra zabaltzea leporatu genien. Orain jakitun gara, egiaztatu baitugu zenbaterainokoa den horrelako birusak eragin lezakeen kaltea, eta zein ahulak eta babesgabeak garen indartsuak eta garatuak ginela sinistuta geundenok.

Atlantiko itsasoaren beste aldean gertatutakoaz berriz, beste horrenbeste esan genezake. Barrea eta ziur aski pena apur bat eragiten zuen pertsonai arraro hark lehiaren bat irabazi zezakeenik ez genuen sinisten, ez alderdi barruan, are gutxiago hauteskundeetako borrokan. Baina sinestezina gertatu zen, hain absurdoa izanik erruki puntua eragiten zuen pailazo hura, Munduko herrialde indartsueneko agintari gorena bihurtu zen guztion harridurarako.

Horrek ere aurreikuspenak gainditu zituen, munduko potentzia indartsueneko presidenteak berak egin dituenak egingo zituela esango baligute ez genuke sinistuko, gezurra eta iraina bihurtu dituelako bere jardueraren oinarri. Orain badakigu, berari esker ohartu baikara postu garrantzitsuenetara aurrez jarriko genituen baldintza bakarra betetzen ez duen pertsona hutsena iritsi litekeela.

Parekotasuna ez da hor amaitzen, biek erakutsi digute zenbat balio zuen galdutakoak. Gaitzak ezagutzen genuen guztia hankaz gora jarri ondoren jabetu gara, orain arte ohikoa zirudienak zenbat balio duen, hemen ere galdu arte ez garelako konturatu genuenaren balioaz.

Besteak, arauak apurtu dituenean, oinarrizko hartu-emanen legeak urratu dituenean egiaztatu ahal izan dugu zein garrantzitsua den besteekiko errespetua, ohiturak eta hitzarmenak betetzea, normaltasunez jokatzea, aurrez agindu eta adierazitakoari leiala izatea. Are gehiago hartutako erabakiek horrenbeste jenderengan eragina dutenean, pertsona askoren oraina eta etorkizuna baldintzatu lezaketenean. Gaitzak agerian utzi digu ez garela uste bezain hautsezinak. Aldi berean, orain arte genuena eta betirako zirudiena nahi baino hauskorragoa dela onartu behar izan dugu.

Gaitzak betikoa, ustez irabazia genuena aldarrikatzera bultzatu gaitu; besteak, orain dela gutxi arte pentsaezina zirudiena eskatzera, egia esatea eta egia eta gezurraren artean bereiztea.