Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Itxaropena

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Astebete eskasean aurrekoak egindako okerrenak zuzentzen ahalegindu da Joe Biden, baina hau ere ohartu da beti ez doazela parean nahia eta ahalmena.

Pandemiaren ekaitzaren laino artean, beste zer edo zer ikusteko aukera dugunean, horrenbeste ilundu diren egun hauen argi izpi izango dena aurkitu nahi dugu. Itxuraz horrelako zerbait izan genuen Estatu Batuetako lidergoan gertatutako aldaketa. Azken lau urtetan, ahora etorri zaiona bota duenak, neurririk gabe jokatu eta iraina eta gezurra ardatz eta ipar bihurtu dituenak alde egin du, espero bezala, agur egin gabe, gaizki hezitako harroputzen gisan.

Bera hala ere iragana da, eta hantxe utziko dugu aipatzeak eta gogoratzeak merezi ez duen gaurkotasuna emango diolako. Haren ordez iritsi zaigunak, aldaketaren bideak urratzera deitutakoak, ez zuen aparteko mezurik zabaldu ardura berriaz jabetu zenean, baina aurrekoak horrenbeste hondatutako giroan, egia aldarrikatzea portaera iraultzailea bihurtu da. Normal eta zentzuz jokatuko duzula agintzeak erreformista sutsua egiten zaitu, gizaki guztiok eskubide eta betebehar berdinak ditugula gogoratzeak Nobel sarirako hautagai bihurtu. Agurraren egunean ere Etxe Zuritik bazihoana izan zen protagonista nagusia, horixe zelako albistea eta gizateriaren zati handi baten gogoa, behingoz begi bistatik kentzea. Gehienoi bertsu zitzaigun haren ordez zein zetorren, premiazkoa aro ilunari amaiera ematea zelako.

Joe Biden aspaldiko politikoa da, Estatu Batuetan presidente arduretara iritsi den pertsona zaharrena. Ezagutzen dutenek diote gizon zintzoa dela, ona. Bestearen aldean, esandakoak eta egindakoak antza izango dutela pentsatu genezake, baina ezin esan ilusioaz gainezka gaudenik, ez han, ezta hemen ere. Astebete eskasean aurrekoak egindako okerrenak zuzentzen ahalegindu da, baina hau ere ohartu da beti ez doazela parean nahia eta ahalmena.

Trumpek 74 miloi boto lortu zituen, 50 estatuetatik 26tan errepublikanoak dira nagusi. Auzitegi Gorenak epe luze samarrean gehiengo kontserbadorea izango du. Ugari dira estatuetako auzitegietan iraganera itzultzeko amorratzen dauden fiskalak eta epaileak. Trump goraipatzen segituko duten komunikabideak ere asko eta indartsuak dira. Gizartean errotutako muturreko talde eta erakundeak ere zenbatezinak dira: abortuaren kontrakoak, homosexualen aurkakoak, zurien nagusitasuna goraipatzen dutenak, …

Normaltasuna eta Suitzako asperdura aldarrikatzera behartu gaituzten honetan, gizon lasaiak eragozpenak izango ditu nahiko zukeena betetzeko. Beste batzuk ez ditu aldatuko nahi ez duelako edo egindakoan sinesten duelako, eta beti porlanezko horma izango du parean, besteak nahi zuen hesia ahaztu ez dezagun. Garai ilun hauetan itxaropena derrigorrezkoa dugu, horretarako zantzu txikiena antzematea ahalegin neketsua bada ere.