Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Armadak gogor eusten dio botereari Myanmarren

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Bazirudien garai berria hasi zela. Enpresari eta turistak masan iritsi ziren bertara. Mundu guztia ilusioz beterik zegoela ematen zuen San Suu Kyi Bakearen Nobel sariduna boterera iritsi zenean.

Myanmarren (Birmania) militarrek estatu kolpea eman dute eta badirudi demokrazia izateko itxaropena espero baino lehen desagertu dela. 

Asia hego-ekialdeko herrialde honetan, itxaropen handia sortu zen 2011n mende erdiko erregimen militarrari amaiera eman ziotenean. Bazirudien garai berria hasi zela. Enpresari eta turistak masan iritsi ziren bertara. Mundu guztia ilusioz beterik zegoela ematen zuen San Suu Kyi Bakearen Nobel sariduna boterera iritsi zenean, 2015eko hauteskundeen ostean. Lehen hauteskunde libreak ziren 1962tik. 

Baina laster agertu ziren lehen arrakalak demokrazia berrian. 700.000 rohingyatik gora (gutxiengo dira bertan) Bangladeshera kanporatu zituzten. Giza eskubideen urraketa argi hori salatu beharrean, Aung San Suu Kyik indar armatuak defendatu zituen, eta herri hori bere zoriaren mende utzi zuen, inguruko herrialdeetan laguntza eske. Argi eta garbi geratu zen erregimen zibilean ere nork zuen boterea. Inork ezin zituen militarrak kontrolatu, ezta Myanmarko inork ezin zituen militarrak kontrolatu, ezta erregimen horren buruak ere. Horrela, Bakearen Nobel saridunaren irudia zikinduta geratu zen nazioartean. Bere jarraitzaile ohiek genozidio honen eta militarrek egindako ankerkeriaren aurrean inhibitzea egotzi zioten. 

Estatu kolpe honekin argi geratu da militarrak ez daudela boterea uzteko prest, ezta formalki ere. Jeneralek 2008ko konstituzioa errespetaraziko zutela esan zuten arren, Aung San Suu Kyi bera eta horren gobernuko beste kide nabarmen batzuk atxilotu dituzte, 400 bat diputatu etxean atxilo daude eta kolpisten gobernuak salbuespen egoera ezarri du.

Zergatik izan da orain militarren estatu kolpea?

Ez da kasualitatea. Astelehenean eratu behar zuten azaroko hauteskundeen ostean sortutako parlamentu berria. Hauteskunde horietan, Bakearen Nobel saridunaren alderdia nagusitu zen, jokoan zeuden 476 eserlekuetatik 396 lortu baitzituen. Militarren alderdiak, berriz, emaitza txarra lortu zuen, 33 eserleku baino ez baitzituen lortu. Emaitza umilgarria izan zen Armadarentzat, begirale batzuen esanetan, eta, beraz, militarrek ez zuten emaitza onartu, iruzurra egon zela argudiatuta.

Zelako indarra dute militarrek sistema politikoan?

Diktadura garaian, 2008n, konstituzioaren zati handi bat idazteko prozesuan parte hartu zuten, eta orain arte aldatu gabe egon da. Militarrek boterearen zati handi bat gorde dute estatu kolpea izan arte indarrean egon den sistema hibrido eta erdidemokratikorako trantsizioan. Horrela, militarrak ez dira aginte zibil baten menpe egon. Gainera, militarrek estatuaren bi presidenteordetza eta hiru ministerio izan dituzte: defentsa, mugak eta barne ministerioak.

Estatu kolpe hau justifikatzeko, militarrek konstituzioko 417. artikuluari heldu diote. Artikulu horren arabera, militarrek boterea har dezakete “herrialdearen batasuna, elkartasuna eta subiranotasuna arriskuan badaude”. Zenbait adituk diotenez, artikulu hori presidenteak soilik jar dezake indarrean. Akatsak akats, Aung San Suu Kyi itxaropenaren ikurra da oraindik, batez ere Myanmarren gehiengoa duten budisten artean, horiek ez baitituzte rohingya musulmanak begi onez ikusten.