Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Galtzaileak eta irabazleak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Txertoa bihurtu zaigu konponbidearen giltza, egoera honetatik irteteko tresna nagusia. Europan eta AEBn txertoak nola lortu bihurtu zaigu arazo nagusi. Txinak eta Errusiak beste bide bat hartu dute.

Krisia berez aldaketa da, sakona eta bortitza gehienetan. Horrelakoetan, aldaezinak dirudienak kolokan jartzen direnean, baten batzuek irabazi oparoak lortzen dituzte, galtzaileak, aldiz, ugari izaten dira. Oraingo honetan garbi irudika genitzake jipoia jaso dutenak, oldearen kolpea zuzen zuzenean jasandakoak. Irabazleak ezagutzea ez da erraza izaten hondamendiaren galerak hain handiak direnean.

Nazioartean, aldiz, orain dela gutxi arteko nagusiak atzean geratzen ari dira, eta ernatzen ez badira denbora asko eta aparteko ahalegina beharko dute ihes egin diena berreskuratzeko. Txertoa bihurtu zaigu konponbidearen giltza, egoera honetatik irteteko tresna nagusia. Europan eta Estatu Batuetan, txertoak nola lortu, nola banatu eta nola jarri bihurtu zaizkigu arazo nagusiak. Barrura begira gaude, kanpoan gerta litekeenaz ohartu gabe, larrialdiak itsutu egin gaituelako. Txinak eta Errusiak beste bide bat hartu dute, mundu guztian txertoak banatzen hasi dira, erosteko dirurik eta sortzeko baliabiderik ez duten herrialdeetara, milioika txerto bidali dituzte.

Laguntza hauek ez dira musu-truk, bi herrialde hauek euren eragina zabaldu eta indartuko dute, kontratuak eta salmentak lortuko dituzte, eta ahulenei erakutsi diete egon beharreko lekuan egon direla beste batzuk zilborrera begira zeudela. Txertoa borondateak eta leialtasunak irabazteko balio izateaz gain, bi herrialde hauen irudia eta bide batez harrotasuna indartzeko bidea dira. Herrialde garatuenak eta aberatsenak bezain trebeak direla erakutsi dute, txerto egokiak sortu dituztelako. Eskuzabaltasuna azaldu dute, okerren daudenei laguntza bidaltzerakoan.

Hartzaileek, aldiz, jakin badakite zeintzuk diren Pekinen eta Moskuren asmoak, baina aliatutzat izan dituztenei leporatuko diete adiskidetasuna eta gertutasuna egoera zailenetan adierazi beharra dagoela, eta hau bezain egoera korapilatsu eta arriskutsua ez dugula ezagutu, gaur egun bizirik gauden gehienok behinik behin.

Ez dakigu zer gertatuko den hilabete barru, nondik nora eramango gaituen zomorro ikusezinak. Seguruenera mendebaldeak ekimena sendotu, jarduera indartu eta galtzear egon den munduko lehendakaritza berreskuratuko du, baina krisiaren gordinenean azaldutako irudiak ez dio mesederik egingo etorkizunean. Pandemiaren hasieran agerian geratu zen materiala lortzeko araurik gabeko borroka. Ondoren tirabirak izan dira farmazeutika handiekiko. Gero eztabaida txertaketa planak antolatzeko… Txertoa sortzeko ahalegina miresgarria izan zen, gizateriarekiko fedea berreskurarazi gintuen. Orain, aldiz, herrialde garatu eta aurreratuenen ospea eta izena oso kaltetuta gera litezke.