Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Nord Stream 2 gasbidea gelditzeko presioa areagotu egin da Alemanian

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Gasbidearen inguruko zalantzan sortu dira EBren eta AEBren baitan, EBk Errusiarekiko duen dependentzia energetikoa handiko lukeela iritzita.

Tentsioa areagotu egin da Europar Batasunaren eta Errusiaren arteko harremanetan. Navalni oposizioko buruzagia kartzelatu, Borrellek Moskura egindako bidaiak porrot egin eta diplomazialariak kanporatu ostean (EBko hiru —suediar bat, poloniar bat eta alemaniar bat—, eta, erantzun gisa, hiru errusiar), zalantzak agertu dira Nord Stream 2 gasbidea eraikitzeko lanen inguruan. Gasbide horrek aurkari asko ditu Europar Batasunean eta Ameriketako Estatu Batuetako administrazio berrian, EBren Errusiarekiko dependentzia energetikoa handiko lukeela uste baitute.

Alemaniako prentsari egindako adierazpenetan, Frank Steinmayer Errepublika Federaleko presidentea gasbidearen alde agertu da, energia baita “EBren eta Errusiaren arteko harremanetan zubi bakarra”, eta Alemaniako naziek Sobietar Batasunaren inbasioa erreparatzeko modu bat izan daitekeela esan du, sobietar lurraldean 20 milioi biktimatik gora utzi baitzuen.

Adierazpen horiek haserrea piztu dute Ukrainan, eta Berlinen duen enbaxadoreak, Andrij Melnyk-ek, “zinikoak eta amorragarriak” direla esan du, gertakizun historikoak gogora ekarrita nazien terrorearen sobietar biktimen artean errusiarrak soilik aipatzeagatik, Ukraina ere Sobietar Batasunaren barruan baitzegoen garai hartan.

Ukraina Nord Stream 2 gasbidearen aurka dagoen herrialde kritikoenetako bat da. Aurreikuspenen arabera, urtean 55.000 milioi metro kubiko gas eramango du Errusiatik Alemaniara, Baltikoan zehar, Ukrainatik igaro gabe. Gaur egun, Ukrainak kobratu egiten du errusiar gasa bere lurraldetik eramaten dutelako Europara. Gasbide berria bukatutakoan, Errusiak nabarmen murriztuko du Ukrainan zehar garraiatuko duen gas kopurua.

Navalni auziaren ostean, begi guztiak Angela Merkeli begira daude orain. Proiektu estrategiko honen alde egin arren, Alemaniako kantzilerrak ez du inoiz ofizialki babestu. Proiektu pribatua dela eta ez duela hori debekatzeko arrazoirik ikusten esan du.

Europar Batasuneko estatu kide batzuk, Frantzia eta Polonia, esaterako, gasbide horren aurka daude, baina formalki inork ez du oraingoz gelditzeko eskatu.