albisteak
Uri ekaitza
AEBko hotz-boladak 23 hildako utzi ditu, eta lau milioi etxe, argindarrik gabe
EITB MEDIA
105 milioi pertsona daude alerta-egoeran tenperaturaren jaitsiera bortitzak ekarriko dituen elur, elurbusti eta euriagatik.
-
Amerikako Estatu Batuetako etxeak elurrez estalirik. Argazkia: EFE
Uri ekaitzak Ameriketako Estatu Batuetako eremu handi bat astindu du, eta 20 bat hildako utzi ditu eroriko, harrapatze, zirkulazio-istripu, argindarrik gabe dauden etxeetako sute eta karbono monoxidoa arnastuta izandako intoxikazioen ondorioz. Gainera, ia lau milioi herritar elektrizitaterik gabe geratu dira; horietako hiru milioi, Texasen.
Hornidura elektrikoaren faltak gorabehera ugari eragin ditu: Houstongo ospitaleak kolapsatu egin dira, osasun-langileen arabera, herritarrek bero mantentzeko bitarteko “arriskutsuak” erabiltzen dituztelako. Estatuko gobernadoreak esan duenez, sarea ez da fidagarria, eta Texasko Fidagarritasun Elektrikoaren Kontseiluari auziaren inguruko ikerketak egiteko eskatu dio.
Administrazio Ozeaniko eta Atmosferikoaren Uraren Iragarpenerako Bulegoak esan duenez, asteartean herrialde osoaren % 73tik gora estali du elurrak, eta 48 estatuetatik 45 zurituta geratu dira.
Gainera, gutxienez 20 hirik historian inoiz izandako hotz handiena jasan eta duela mende bat ikusi ez diren tenperatura minimoak erregistratu dituzte. Oklahoman, adibidez, 14 gradutik beherako tenperaturak izan dira.
Tenperatura hotzek astearen amaierara arte iraungo dute, baina, herrialdearen hegoaldean kalteak utzi ondoren, ekaitzak ipar-mendebalderantz joko du. Mississippi, Oklahoma, Tennessee eta Texas estatuetako eremu batzuk eta Arkansas osoa alertan daude elur, elurbusti eta euri asko egin dezakeelako.
Bestalde, hotz-bolada covid-19aren aurkako txertoen banaketa oztopatzen ari da, eta, ondorioz, txertaketa prozesuan atzerapenak izaten ari dira. Miami-Dade konderrian (Florida), 2.000 pertsona geratuko dira bigarren dosia jaso gabe; Coloradon, 133.000 txertoren bidalketari eragingo dio, eta Ohion, bi eguneko atzerapena izan daiteke txerto horiek banatzeko prozesuan, Mike Dewine gobernadoreak azaldu duenez.