Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Teknikariak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Italiako krisia konpontzeko Mario Draghi Europako Banku Nagusiko presidente ohia jarri dute. Salbatzaile gisa hartu dute, baina Draghi ez du inork aukeratu.

Politikaria, gobernu arazoez edo estatu negozioez arduratzen den pertsona omen da. Bokazioz eta ogibidez, zerbitzu publikoa lanbide duten hauek, aldiro, aldiro herritarren oniritzia behar izaten dute, hauteskundeen bidez postua irabazi beharrean dira. Pentsa liteke hauteskundetik hauteskundera egindako lana aztertzen dutela boto emaileek eta emaitzen arabera erabakia hartu.

Italiako politikagintzan, beste arlo askotan bezala, orokorra ei den arauak balio ez duela dirudi. Bigarren Mundu Gerraz geroztik Italian gobernuek, batez beste 15 hilabeteko iraupena izan dute, 66 gobernu 76 urtetan. Arrazoi asko legoke ez ohiko portaera honen oinarrian, baina adostasunak lortzeko zailtasunak izan arren, lehian eta ondorengo eztabaidan aritu ohi direnak, herriak aukeratutakoak izan dira ia beti. Baina azken urtetan, ekonomiak edo politikak sortutako eragozpenek krisia piztu dutenean, Italian agintea "teknikarien" esku uzteko ohitura hartu dute.

Krisi konpontzaile hauen artean azkena Mario Draghi izan da, Europako Banku Nagusiko presidente ohia. Ardura hori izan zuen urteetan ospe handia lortu zuen Draghik. Adituek diote bere ekimenak eta sendotasunak eutsi ziotela kolokan zegoen euro proiektuari. Orain Italian salbatzaile gisa hartu dute, baina Draghi ez du inork aukeratu, ez du lanaren eta merezimenduaren galbahea gainditu.

Gaur egungo egoera bideratzeko pertsonai egokiena izan liteke bankari ohia, baina demokrazian zer egiten den bezain garrantzitsua nola egiten den da, eta kasu honetan, Italian beste askotan bezala, helburuak bazterrean utzi ditu derrigorrezkoak diren baliabideak. Era berean, dezenteko harridura sortzen du politikari "profesionalen" portaerak, estatuaren zuzendaritzatik gizartea gidatzeko aukeratu zituzten, arazoak konpontzeko. Baina behin eta berriz horretarako gaitasun eza eta ahalmen falta erakutsi arren, hortxe segitzen dute, ezina aitortu gabe, diru publikoa jasoaz eta zerbitzari publikoei estatuak ematen dien onura eta abantaila guztiez baliatuz.

Estatu Batuetako azken gertakariek, eta bertako presidenteak inongo lotsarik gabe lau urtetan zehar egin duenak, demokrazia zein ahula eta hauskorra den erakutsi dizkigute. Horregatik, legeei, arauei eta errotutako ohiturei errespetua ezinbestekoa da, baten batzuek bidezidorrak hartzeko tentaziorik izan ez dezaten, eta beste modu bateko zeharbideak zilegi ez bihurtzeko. Italian gehiengoak uste du krisia saihesteko bidezkoa dela sormena lantzea eta ez ohiko bideak jorratzea, baina kontutan hartu beharko lukete agian, irekitako bideak alde guztietarako norabideak dituela.