Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

EBk zigor gehiago jarriko dizkio Errusiari

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Zigor horiek, Krimea eta Ukrainako ekialdea hartu zituenetik, Errusiak jasaten dituenei gehituko zaizkie.

Albisteak (1)

Duela aste gutxi arte, Alemania, Frantzia eta Italia Errusiari zigor gehiago ezartzearen aurka azaldu ziren. Navalni kasua dela eta, urtarrilean Poloniak eta beste herrialde batzuk eskatzen zituzten zigorrak ezartzea eragotzi zuten herrialde horiek.

Baina astelehen honetan egoera erabat aldatu da eta Europar Batasuneko 27 atzerri ministroek Errusia zigortzea erabaki dute. Neurri zehatzak zeintzuk izango diren datorren astean jakingo da. Giza Eskubideen urraketaren aurka Europar Batasunak onartutako arau berrien irizpideak jarraituz ezarriko dira zigorrak. Protestetan egindako zapalketekin eta Navalniren atxiloketarekin zerikusi zuzena dutenei ezarriko zaizkie neurriak. Hau da, Errusiako justizia sistemako arduradunei.

Zer gertatu da urtarriletik hona Europar Batasunak Errusiarekiko jarrera gogortzeko?

1. Alexei Navalniri bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote, nahiz eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak haren askatasuna eskatu.

2. Josep Borrell EBko goi ordezkariak Moskura egindako bidaia. Bertan, Serguei Lavrov atzerri ministroak publikoki umiliatu zuen. Pribatuan eztabaida gogorra ere izan zuten.

3. Hiru diplomatiko europar kanporatu ditu Moskuk (Alemaniako, Suediako eta Poloniako diplomatikoak).

Moskura bidaia egiteagatik Europar Batasunean hainbeste kritikatua izan den Borrellek berak zigorrak defendatu ditu, Errusiak enfrentamendu bidea aukeratu duela azpimarratuz.

Zigor horiek, Krimea eta Ukrainako ekialdea hartu zituenetik, Errusiak jasaten dituenei gehituko zaizkie. Moskuk, gainera, Minskeko akordioak betetzeari uko egiten dio.

Neurri berriak ez hartzeko ohartarazten aritu da Errusia Europa. Moskuko atzerri ministerioak erantzun egokia eta neurtua emango duela jakinarazi dute orain.

Lavrov ministroak berak esan berri duenez, Errusiak ez du onartzen haren barne arazoetan europarren esku-hartzerik. EBrekin ere harremanak mozteko prest daudela esan du.