Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Atzera begira

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Mexikoko presidenteak berriro eskatu die Espainiako erregeari eta Aita Santuari barkamena eskatu dezatela, Mexikoko konkista ezpataren indarrez eta gurutzearen babespean egin zutelako espainiarrek.

Mexikon aste honetan, independentzia aldarrikapena egin zutela 200. urteurrena ospatu dute. Lopez Obrador presidenteak berriro eskatu die Espainiako erregeari eta Aita Santuari barkamena eskatu dezatela, Mexikoko konkista ezpataren indarrez eta gurutzearen babespean egin zutelako espainiarrek.

Kontuak eskatu izanak ostera ere polemika piztu du. Mexikon bertan talde batzuek Lopez Obradorren portaera gaitzetsi dute eta adierazi dute ez duela zentzurik gaur egun barkamena eskatzea. Beste batzuek gogoratu diote presidenteari Mexikok independentzia lortu eta lehen urtetan kanpaina gogorrak egin zituztela indiarren aurka eta apatxeen artean benetako sarraskiak egin zituztela. Obradorri berari leporatu diote bertako herrien aurkako suntsiketak egin zituztenen ondorengoa eta oinordekoa dela. Eta Espainiatik adierazi dute ezin dela orain dela 500 urte gertatutakoa gaur egungo irizpide eta balio etikoetatik epaitu.

Iraganaren azterketa beti izan ohi da lan zaila, memoria historikoa deitu izan duguna zehaztea lan korapilatsua delako. Edozein gatazka edo konponezin argitu eta gaurkotzeko oztopoak asko dira. Non jartzen dugu hasierako marra? Noiz amaitzen da? Zeini eska dakizkioke erantzukizunak? Historian zehar bere mugetatik at hedatzeko aukera izan duten herri gehienek antzerako jokaera izan dute.

Konkista beti indarraren bidez egin izan da. Gehienetan erasotzaileek menderatu dituztenak erabili izan dituzte euren probetxurako, saldu eta erosi, euren lanaz eta gorputzez baliatu izan dira, eta hil egin dituzte. Helburuak lortzeko izua baliabide indartsua izan dute guztiek, eta gehienetan jatorrikoen hizkuntza eta kultura zapaldu dute desagertu arazi arte.

Amerikako herriek europarren kolonialismoa salatu dute beti, baina Europatik erantzun zaie ia zein den erantzule. Erruak zein belaunaldira arte irauten du? Europako herriek ba al dute arrazoirik italiarrei kontuak eskatzeko erromatarrek egindakoagatik? Konkistatzaileek egindako guztia txarra eta ahaztu beharrekoa al da?

Ingurukoekiko eta baita urruti biziz historian gerturatzen zaigunekiko ere, adostasuna eta akordioa lortu ahal izateko, ezinbestekoa zaigu gure arbasoek egindakoa hitzetan, irudietan eta hizkietan jartzea, zertaz ari garen jakiteko batez ere. Ondoren, objektibotasunaren marra oreka punturaino eraman beharko genuke, hori posible den heinean, eta azkenik kalteak eta minak aitortu, sumindurak baretu, eta ez ahaztu talka eta borroka guztiek ondorio positiboak ere badituztela, sufrimendua eragin arren guztiok aberasten gaituelako denboran.