Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Harremanak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Azken urtean, pandemiak eraginda, gizakion arteko harremanetan izan diren aldaketaz mintzatu da Juanjo San Miguel.

Gizakia izaki arrazoiduna omen da, egokitzeko ahalmen handia duelako. Ingurua menperatzeko lehian, besteak baino azkarragoa izan delako, batez ere aldaketak egiterako orduan.

Ingurua aztertu eta gertatutakoa jaso eta gogoan izateko ahalmena dugunetik, gizateriak ez du gaur egun bizi dugun egoeraren parekorik pairatu. Gerra eta izurrite batzuek, koronabirusak baino kalte eta txikizio handiagoak egin dituzte zalantzarik gabe, baina Mundu guztia, kontinente eta herrialde guztiak, denak batera, ez dira sekula aurkitu aldi berean eraso berari batera eta aldi berean aurre egiten.

Ezagutzen genuena hankaz gora jarri duen zomorro ikusezinak, zuzeneko eragina izan du izurrite aurreko harremanetan. Gaur egun, ezin dugu bestea ikutu, ezin dugu ikusi, ezin dugu ez jo, ezta besarkatu ere. Egunero ondoan lan egiten dutenen aurpegia ahazten ari zaigu, gertukoak nolakoak diren edo ziren ez gara gogoratzen. Aspaldi ezagutu, baina maskararen atzean ikusi izan dugunak aurpegia erakusten digunean harritu egiten gara, ez delako hori buruan genuena. Bilerak, ospakizunak, lan harremanak, berriz, pantailaren bidez egitera behartu gaitu kutsatzeko beldurrak. Etxean lan egin behar du ahal duenak, besteek, aldiz, urrutiko irudiekin eztabaidatu behar dute, akordioak lortu edo desadoztasunak egiaztatu.

Urrutiko hartu eman honek zirudien arazoen konponbideetako bat, baina orain adituek esaten digute pantailaren bidez egindako bilerek gehiago nekatzen dutela, denbora guztian gure irudiari edo pantailari begira egoteak estresa sortzen duela eta harreman hauetan akordioak lortzea nekezagoa dela eta erabaki garrantzitsuak hartzea zailagoa.

Ez dakigu honen ondoren zer datorkigun, nolakoa izango den berehala gaixotzeko arriskurik gabeko Mundua, baina jasaten ari garen astinduak mugiezinak ziruditen oinarri batzuk kolokan jarri ditu, eta seguruenera ezingo diote eutsi bihartik aurrerako errealitate berriari. Gero ere egokitzeko gai izango gara, baina ez dakigu ondo zertara eta zertarako. Baina batez ere ez dakigu pairatzen ari garen honek, zenbateraino aldatuko dituen gure joerak, gure beldurrak, gure gogoa, besteekiko jarrera.

Gaur egungo gazteek diote ez dagoela aurrez aurre ligatzerik, beste bide batzuk jorratzera behartu dituela pandemiak. Eta askorentzat lehengoa baino errazagoa eta erosoagoa omen da. Parekoekiko harremanei dagokionez beste horrenbeste. Globalizazioak eta teknologiak aukera batzuk iriki dizkigute, eta horrelakoetan ohi bezala beste batzuk itxi eta itsutuko dituzte. Agian berriro gerturatzea tokatzen zaigunean, laztana, besarkada edo bizkarrekoa ematerakoan, ahaztuta genituen gustokoak ez diren kontuak susper litezke.