Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Presidentetza hasiera eraginkorra

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Joe Biden AEBko presidente berriak erabaki garrantzitsuak hartu ditu Etxe Zurira iritsi zenetik.

Albisteak (1)

Donald Trump AEBko presidente ohiak "Joe lotia" deitzen zion Joe Bideni, hautagai zenean, eta haren semeak, Donald Trump gazteak, "zaharkitua" deitzen zion. Baina agintaldiaren hasierako 50 egun hauetan, pandemiaren lehen urtea betetzen denean, Joe Biden AEBko presidentearen agintea oso eraginkorra izan da. Erabaki garrantzitsuak hartu ditu pandemiari aurre egiteko eta ondorio ekonomikoak arintzeko. 

1,9 milioi dolarreko pakete historikoa bideratu du Ekonomiari laguntzeko. Kongresuak inoizko epe laburrenean onartzea lortu du, gainera. Pandemiaren ondorioak jasan dituzten enpresei eta familiei laguntzeko izango da. Horrekin, Biden hauteskunde kanpainako agindu bat betetzen ahalegindu da, gizarte zuzenago baten oinarriak jartzen hasiko zela agindu baitzuen. Dirutza horren zati handi bat laguntza zuzenak izango dira. Umeak dituzten familiek 1.400 dolar jaso ahalko dituzte. Diru kopuru handi bat txertaketa kanpaina masibora zuzenduko da. 

Bidenek martxan jarritako paketea Amerikako Estatu Batuetan urtebetean onartu den hirugarrena da. Lehenengoa 2020ko martxoan jarri zen abian, Trump presidente zela. 2,2 bilioi dolar onartu zituzten orduan, historiako kopururik handiena. Bigarrena (900.000 milioi dolarrekoa) ere, errepublikanoen agintepean abiatu zen, iazko abenduan. 

Duela gutxi Josep Stieglitz Ekonomiako Nobel saridunak AEBk ekonomiari emandako laguntza hauek laudatu zituen, eta Europar Batasunak emandakoekin alderatu. Europako Next Generation laguntzak 1,8 bilioi eurokoak dira, eta, historiako handienak izan arren, haren ustez, txikiagoak dira Europa inflazioa eta zorragatik gehiegi kezkatzen delako. 

Txertaketa kanpaina ere zeharo azkartu du Bidenek lehenbailehen egoera normalera itzultzeko. Zenbait adituren aurreikuspenen arabera, udarako pandemiaren krisia gaindituta izango da Ameriketako Estatu Batuetan, eta, horren ondorioz, boom ekonomikoa izango da. Herritarrek maiatzaren 1a bitartean eman dezakete txertoa jasotzeko izena. Gehienak udarako txertatuta egotea espero da, eta uztailaren 4an, Independentzia egunean bertan, krisia gainditutzat ematea. Dagoeneko AEBko helduen ia % 13 txertatu dituzte; 65 urtetik gorakoen % 30, tartean. Gainera, Johnson & Johnson enpresari 100 milioi txerto gehiago erosiko zaizkiola iragarri du Bidenek. 

Pandemiak gogorren kolpatu duen herrialdea da AEB. 529.000 hildako eta 29 milioi kasu eragin ditu covid-19ak.