Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Iragarritako itsasontzi ilarak

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Azken urteotan gero eta kargaontzi handiagoak egin dituzte, adituek behin eta berriz ohartarazi arren horren arriskuaz, baina orain arte ez diete jaramonik egin.

Agintariek haize bolada handiei edo giza eta teknika akatsei leporatu diete Ever Given kargaontzi erraldoiak Suezko kanalean eragindako blokeoa, munduko merkataritzaren % 10 eten duena.

Azken urteotan gero eta kargaontzi handiagoak egin dituzte, adituek behin eta berriz ohartarazi arren horren arriskuaz, baina orain arte ez diete jaramonik egin. Kargaontzi batek gehienez 5.000 edukiontzi eramaten zituen 2000. urtean, baina ahalmen hori laukoiztu egin dute. Gaur egun 20.000 edukiontzi eraman ditzake horrelako kargaontzi erraldoi batek.

Zergatik dago joera hori?

Adituen ustez, aurrerakuntza teknikoen ondorioa baino, petrolioak mende honetan izan duen prezio igoeraren ondorioa izan da, eta, aldi berean, 2009ko krisiaren ondoren maileguek izan duten interes tasa baxuen ondorioa. Hori dela eta, itsas konpainiek kreditu merkeak hartu ahal izan dituzte gero eta ontzi handiagoak egiteko.

Ontzien neurri ikaragarri handiek prentsaren begirada guztiak erakarri dituzte, baina kasu gutxi egin diete adituei horien arriskuei buruzko ohartarazpenak egin dituztenean. Zama ontzi ezberdinetan banatu beharrean, merkantzia ontzi erraldoi gutxi batzuetan bilduta hasi ziren garraiatzen. “Arrautza guztiak saski bakarrean” jartzea bezalakoa da.

Ontzien neurriek, gainera, itsasoko azpiegiturak ere gainditu dituzte. Panamako kanala zabaltzeko 5.000 milioi dolar baino gehiago gastatu zituzten duela hamar urte eskaera horri erantzuteko, baina gaur egun txiki geratu da jada Asiako ontzioletatik gero eta ontzi handiagoak irteten baitira.

Adituek diotenez, munduko portuen erdiek ezin dituzte horrelako ontzi erraldoiak hartu, eta horrek horniketa kateak ere beste mehatxu batzuen aurrean jartzen ditu, piraten edo eraso zibernetikoen mende, esaterako.

Suezko kanaleko blokeo horrek agerian jarri du arrisku hori, baita kargaontzi gero eta handiagoak egitea zentzugabea dela ere, eta ilara luzeak sortu dira kanala igarotzeko.