Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Harrotasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Birusak ia beste guztia ezkutatu, edo gutxienez estali badu ere, lehendik zetozen arazo eta aldarrikapen batzuk ez dira ezabatu, batez ere gutxiengoekin edo baztertutako gizataldeekin lotutakoak.

Pandemiak eragin zitzakeen aldaketei buruz aurreikuspen ugari entzun eta irakurri dugu, zomorro ikusezina gutaz nagusitu zenetik. Gehienek zioten ez ginela berdinak izango oldea baretu, eta oraindik nolakoa izango den ez dakigun ohikotasunera itzultzerakoan. Baina kontu batzuk ez dira aldatu,eta seguruenera ez dira inoiz aldatuko. Behar bada, horrelako egoeren ondorioz, gainera, areagotu egingo dira.

Birusak ia beste guztia ezkutatu, edo gutxienez estali badu ere, lehendik zetozen arazo eta aldarrikapen batzuk ez dira ezabatu, batez ere gutxiengoekin edo baztertutako gizataldeekin lotutakoak. Beltzen egoera, emakumeen aldarrikapenak, zapaldutako herriena… egunerokotasun bitxi honetan ez dira desegin, ez dute indarra galdu. Eta borroka horretan behin eta berriz entzun dugu baten bat harro dagoela hemen edo han jaiotzeagatik, azal kolore hau edo beste izateagatik, sehaskatik hizkuntza jaso eta ikasteagatik…

Frantziako iraultzak lehendabizi eta Giza Eskubideen aldarrikapenak ondoren, gizakiok berdindu gintuzten. Oinarrizko eskubideen bigarren atalak dio ezin dela inoiz bereiztu, baztertu edo alde batera utzi bere arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo beste edozein arrazoirengatik. Ezta bere herri edo herrialdearen egoera politikoa edo juridikoagatik ere. Hau da, guztiok enbor bereko adarrak garela, gizaki gisa ez gaituela ezerk ezberdin egiten.

Hau hala izanik, gutxienez harrigarria da norbaitek esatea oso harro dagoela Murtzian jaio delako, azal zuria edo horia duelako, edo bere herrian dagoen mendia inguruko garaiena delako.

Bizitza honetan patuak, zorteak, irabazleek nahiko zuketena baino eragin handiagoa du. Leku batzuetara iritsi edo lorpen batzuk erdiesteko derrigorrezkoa dugu asturu egokia, ahaleginaren bulkada, nahiaren bideratzea. Baina hor gutxienez gure ekimena ezinbestekoa da, gure lana eta ahalegina. Hor harro egon gintezke eskuratutakoagatik.

Baina jaio garen lekuan jaiotzeko ezin dugu ezer egin, gugandik at dago erabat. Ez dugu, ezin dugu gure azalaren, begien edo ilearen kolorea aukeratu. Harrotu gaitezke gai izan garelako sexu joera bat edo beste aitortu eta bizitzeko ausardia izan dugulako, baina ez sexu batekoa edo bestekoa izateagatik.

Demokraziaren eta eskubideen sustraietan berdintasuna dago, batez ere aukera berdintasuna, non jaio edo nolakoak garen kontutan hartzen ez duen parekotasuna. Horregatik zentzu gehiago izango luke apaltasunetik abiatzea edozein helbururen atzetik, eta bereizten ahalegindu beharrean, berdinkide garelako, eta direlako, dagokiguna eskatzea.