Itxi

Juanjo Sanmiguel

ANALISIA

Nagusitasunaren menpekotasuna

JUANJO SAN MIGUEL

JUANJO SAN MIGUEL

Gaur egun, gerrak erabat aldatu dira, soldaduak profesionalak dira eta aldi baterako joaten dira borroka egitera.

Aste honetan Australiako Gobernua kezkatuta azaldu da, gerra beteranoen artean suizidio kopurua asko igo delako. Afganistango gerran parte hartu duten soldaduen artean 500 baino gehiago dira bere buruaz beste egin dutenak. Kanberrak ikerketa agindu du portaera honen zergatiak aztertzeko.

Estatu Batuetan egunero 22 beteranok bere buruaz beste egiten du, urtean 7.300 baino gehiago dira, Irak eta Afganistango gerratan hildako soldadu guztiak baino gehiago. Estatu Batuetan 20 miloi inguru dira gerraren batean parte hartu duten beteranoak, eta asko dira arazo larriak dituztenak, eragozpen nabarmenak izan dituztenak eguneroko bizimodura berregokitzeko. 40.000 baino gehiago kalean, etxerik gabe bizi direnak, eta lautik batek tratamendua behar du buru arazoak edo arazo psikologikoak dituelako.

Bat baino gehiago dira egoera honen eragileak, eta, seguruenera, soldadu bakoitzak era ezberdinean biziko ditu borroka lekuetan egin eta ikusitakoak. Baina azken gerratan, lehen ez zeuden ezaugarri batzuek izan lezakete eragina. Bigarren Mundu Gerran garbi zeuden zergatiak eta arrazoiak, gerran parte hartu zutenak heroien gisa hartu zituzten itzulerakoan. Koreako gerran, oraindik, pentsa zitekeen hara joandako soldadu estatubatuarrek askatasunaren alde eta komunismoak mundua menderatu ez zezan egin zutela borroka.

Baina guzti hori Vietnamen aldatzen hasi zen; alde batetik, zailagoa zen onartzea bidezkoa zela munduko potentzia indartsuenak horrelako indarra eta grina erabiltzea herrialde txiki eta garatu gabekoaren aurka. Bestetik, mundua egunero ikusten ari zen telebistan, zer egiten ari ziren ustez askatasuna eraman nahi zutenek. Eta Estatu Batuetan bertan gizartearen zati handi bat Gobernuaren aurka eta soldaduen kontra azaldu zen, nabarmen. Soldadu askok gogoratzen du oraindik entzun  behar izan zituzten irainak itzultzerakoan, beste batzuek hezur muinetaraino sartuta dute jasotako mespretxua eta zuzeneko gaitzespena.

Iraken eta Afganistanen beste batzuk izan dira arrazoiak. Soldadu askoren iritziz, gerra hauek ez zuten inoiz hasi behar, helburuak ez zirelako zuzenak eta garbiak izan. Gatazka hauetan soldaduek ez diote beste armada bati aurre egin, talde irregularren eta zibilen kontra aritu dira, batez ere. Horrez gain, une oro, tentsio handiaren pean bizi izan dira borroka lekuetan egon diren garaian, ez zekitelako erasoa nondik etor zitekeen. Etxean ez dute sentitu gerra haiek gehiengoaren oniritzia zeukatenik. Baina, hitzez eta idatziz azaldu daitezken arrazoiez gain, badira beste batzuk gehienetan aipatzen ez direnak.

Gaur egun, gerrak erabat aldatu dira, soldaduak profesionalak dira eta aldi baterako joaten dira borroka egitera. Gerra hauek ez dira armaden aurka, gehienetan ikusten ez diren etsaien aurkakoak baizik, eta arerioak ondo daki nola nahastu soldadua, parean duena eraso egingo diona, ala besterik gabe erosketak egitera doana bereizteko zailtasunak izan ditzan. Infernura bidaltzen dituzte, eta hango sugarrak eta sufrimendua ikusi ondoren, ezinezkoa zaie gizaki arrunton gorabeheretara egokitzea handik  itzultzerakoan.