Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Prentsa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Koronabirusak jota utzi ditu lehendik ere arazo latzak zituzten komunikabideak, eta oso gutxi dira galerarik gabe eguneroko lanari eutsi diezaioketenak.

Prentsa askatasuna, komunikabideek gertatutakoa ikertu, argitu eta zabaltzeko duten eskubidea, eta herritar orok hori jasotzeko genukeen aukera, ezinbestekoa omen da gizarte osasuntsua eta irekia eraikitzeko, horixe diote behintzat erakundeek, eta demokraziaren oinarriak aldiro, aldiro zehazten dizkigutenek.

Non eta nola urratzen duten eskubide hori, urtero, urtero gogoratzen digute egun jakin batean askatasun horren aldarrikapena egiten dugunean. Kazetari asko mehatxupean bizi da, zenbaitek bizi lekutik alde egin behar izan du bizirik iraun ahal izateko. Zenbait lekutan boteretsuenek gogoko ez duten informazioa zabaltzeagatik kartzelara joan zaitezke; beste batzuetan, aldiz, zuzenean hil zaitzakete estatuak baino indar handiagoa duten talde irregularrek. Hori guztia ukaezina da, edozein kontura liteke zein lekutan informazio gardena zabaldu nahi izatea kimera hutsa den.

Baina gaur egun prentsak dituen arazoak beste batzuk ere badira. Ohiko komunikabideek lehia gogorra dute sare sozialen bidez informazio itxura duen zerbait zabaltzen dutenekin, gezurra beren jardueraren ardatz nagusi bihurtu dutenekin, eta batez ere sinestezina sinesteko prest daudenekin. Hedabideek, gainera, beste muga batzuk ere badituzte. Koronabirusak jota utzi ditu lehendik ere arazo latzak zituzten komunikabideak, diru sarrerak, batez ere publizitatearen bidezkoak ezabatu egin dira eta oso gutxi dira galerarik gabe eguneroko lanari eutsi diezaioketenak.

Joera hau lehendik zetorren, eta horren ondorioz egunkariak, irratiak eta telebistak, ordaintzeko dirua dutenen esku, edo erakunde publikoen ardurapean geratu dira. Komunikabidea erosten duen pertsonak edo taldeak bi arrazoiengatik hartzen du erronka hori, dirua irabazteko edo bere interesen eta pentsamoldearen araberako informazioa eta errealitatea zabaltzeko, eta ahal badu bietarako. Horrela sortutako komunikabide sareek, eta gaur egun gehienak dira, batik bat oihartzuna eta eragina dutenen artean, jokabide bertsua dute. Azalean ohiko komunikabideak dira, ezagutzen dugun antolaketa dute eta kazetarien zeregina betikoa litzateke. Baina zertxobait arakatuz gero beste kontu batzuk ere azaltzen zaizkigu. Aginduak goitik behera datoz, errealitatea modu jakin batean erakusteko. Kazetarien lan baldintzak, batez ere izarrak ez direnenak eskasak dira, egonkortasun gabeak, edozein momentutan hautsi daitezken kontratupean, kontratua dutenean. Komunikabide publikoetan egoera hobea izan liteke, baina hauetariko asko, politikoek euren zerbitzurako tresna bihurtu izan dituzte, arduradunak gertutasun ideologikoaren arabera izendatuz. zigor eta sarien bidez menpekotasuna sortuz eta azken finean mezua euren interesetara egokituz.

Zure lana egiteagatik bi tiro jaso edo eguneroko lanean ezkutuko presioa eta autozentsura izatea ez dira gauza bera, baina bietan prentsa askatasuna kolokan dago.