Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Aurreiritziak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Floyden hilketaren ondotik, Europan poliziaren jarduerari buruzko ikerketa agindu zuen EBk. Lan horren ondorio nagusiak dio Poliziak antzerako irizpideak dituela leku guztietan,

George Floyd hil zutela urteurrena bete den honetan, Ameriketako Estatu Batuetan arrazakeriari eta beltzen bazterkeriari buruzko eztabaida suspertu da. Berriro salatu dute poliziaren jokaera eta beltzei eta chicanoei ematen dien tratua gaitzetsi. Auzi horretan behin eta berriz, aurreiritzien erabilera salatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Poliziek eta agintariek ez dute gertatutakoa epaitzen, ez dute jazotakoaren arabera jokatzen, pertsonen itxurak baldintzatzen baitu egoera askotan polizien portaera.

Europar Batasunak, Floyden hilketaren ondoren, Europan poliziaren jarduerari buruzko ikerketa agindu zuen, hemen zer gertatzen den jakin eta horren arabera erabakiak hartu ahal izateko. Eta lan horren ondorio nagusiak dio, poliziak antzerako irizpideak dituela leku guztietan, normaltasuna hausten dutenak, tankera ezberdinekoak, irudi diferentekoak susmagarri bihurtzen direla. Ijitoak Grezian, beltzak Austrian, magrebtarrak Espainian, bereziki zaindu beharrekoen multzoan sartzen ditugula.

Azterketa egin dutenek diote, poliziek horrelakoengana jotzen dutela era legalean ote dauden egiaztatzeko, nortasun agiria, "legalak" direla erakusten duten paperak eskatzeko. Hauei zuri arruntei baino 10 aldiz gehiagotan eskatzen zaizkie dauden lekuan egoteko behar dituzten agiriak, eta galdera egiterakoan, mespretxua eta errespetu falta jasaten dute sarri. Baina ikerketa horrek azaltzen digun emaitza nagusiak dio, poliziari leporatutako aurreiritzi horiek guztiok ditugula. Ezberdina, batez ere arau orokorrek eskatzen dutena baino eite okerragoa badu, erruduna da beti.

Inguru jakin batean espero ditugun delituak gertatzen badira, berehala datorkigu burura egilearen irudia. Modu bateko jokaerak ez dira gureak, edo gutxienez ez ohikoak dira gure inguruan, egileak kanpokoa behar du izan derrigorrez. Ehunka zuriz osatutako gure auzoterian, plaza bazterrean eserita dauden azal ilunekoak dira, zalantzarik gabe, "irregularrak" izan litezken bakarrak. Ikerketa horretan poliziek esan dute ekonomiak bultzatzen dituela modu horretara jokatzera; Oinarrizko Eskubideen Agentziak dio hori arrazakeria dela, ezer egin edo gertatu aurretik erabaki dugulako zeinek duen aukera gehiago erruduna izateko.

Psikologiak dio aurreiritzia, era inkontzientean zerebroak sortzen duen ideia dela, pentsatu gabe azaltzen zaigun pentsamoldea. Baina azken pausoa antolatu eta arrazoitu gabe ematen badugu ere, sustraietan dago azkenean azaleratzen zaiguna. Gu eta besteak. Ondoko ona eta arrotz arriskutsua bereizten duena. Hesi edo harresi beharra, duguna eta garena babesteko. Poliziaren jokabidea guztion ustearen adierazle besterik ez da, muturrekoa bada ere.