Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ezinezkoak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Palestinarren eta israeldarren arteko gatazkan Sahararen eta Marokoren arteko gatazkan bezala, indarra eta erabakitzeko ahalmena dutenak irabazlearen alde agertu dira.

Esan ohi da denborak zauri guztiak sendatzen dituela. Pasatze hutsak gehienetan, kontsolamendu beroenak baino hobeto arintzen dituela oinazeak. Baina itxuraz, zenbait egoeratan urteen igarotze antzuak arazoak konpondu beharrean gaiztotu egiten ditu eta konponezin bihurtu.

Ekialde Hurbilean, palestinar eta israeldarren arteko gatazkak, konponbiderantz hurbildu lezaken iparrotzat argia du, bi estatuen proiektua. Baina 1948an bi herrialdeak sortu zirenetik akordioa urrutiratuz joan da eta gaur egun konponezina bilakatu da, bitartekaritza egin beharko zuketen Nazio Batuek indarrik ez dutelako eta erabakitzeko ahalmena dutenek irabazlearen aldeko jarrera hartu dutelako. Israelek ez du inongo pausorik emango hitzarmena erdiesteko akordio eza luzatzea bere garaipena delako, gerran lortutakoak iraunkor bihurtu dituelako.

Mendebaldeko Saharakoa, ostera, sortu orduko irtenbiderik gabe geratu zen afera dugu. Okupazioaren amaiera lotsatzeko modukoa izan zen; kolonizatzaile berriek beraiena bailitzan hartu zuten ordura arte izendatu gabeko lur arrotza. Gerra luzearen ondoren Marokok eta sahararrek bakea iraunkor bihurtu behar zuen konpromisoa hartu, baldintza zehatzak onartu eta bidea finkatu zuten. Ez zegoen okerrerako aukerarik, pausoak garbi zeuden eta ematea besterik ez zen falta. Baina hemen ere Nazio Batuek ezinaren irudia erakutsi dute eta indarra eta erabakitzeko aukera dutenek, irabazlearen aldeko jarrera azaldu dute. Marokok ez du inongo konponbiderik nahi, denborak eman diolako borroka lekuetan eta diplomazia ahaleginetan lortu ez zuen garaipena. Sahararrek sinatutakoaren balio eza egiaztatu dute eta ezinaren mingotsa.

Denborak ekarri duen konponezina konponbide bilakatu da eta atzerabiderik ez duela diote norabidea aldatzeko ahalmena dutenek. Bi gatazka hauek bestalde ezina eta galera irudikatzeaz gain, gabezia, pobrezia eta etorkizun eza erakusten dizkiguten lurraldeak dituzte adierazle nagusi. Gaza, burdinazko itxiturarik gabeko munduko espetxe handiena da. Gipuzkoaren seirena duen eremuan bi milioi pertsona bizi dira, alde batean zeharkatu ezin dezaketen itsasoa, bestean hesi gaindiezina. Tinduf basamortu lehorraren paradigma da, bizitzarik gabeko hondarraren erreinua. Han ez dago ezer sortzerik eta urteen poderioz itxaropena bera zimurtu eta lehortu zaie bertan bizi diren berrehun mila sahararrei.

Ziur aski 10 urte barru, bi leku hauetan gertatzen ari dena kontatzeko beharko ditugun hitzak antzerakoak izango dira.