Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Frantziako lurralde hauteskundeetako abstentzioa, kolpea Macronentzat

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

Sekula izan den parte-hartze txikiena izan da, % 32koa. Macronek ez du lortu frantsesak mobilizatzea, baina, Marine Le Penen eskuin muturrak ere ez ditu lortu inkestek aurreikusten zituzten emaitzak.

Hiru herritarretik bik ez dute botoa eman Frantzian igande honetan izan diren departamenduetako eta eskualdeetako hauteskundeetan. Sekula izan den parte-hartze txikiena izan da, % 32koa, 2015eko hauteskundeetan izan zena baino baxuagoa; orduan ere, parte-hartzea ez zen % 50era ere iritsi.

Oraingo abstentzioa kolpe gogorra da Macron presidentearentzat, ez duelako frantsesak mobilizatzea lortu. Macronen aldeko datu on bat da Marine Le Penen eskuin muturrak ere ez duela lortu inkestek aurreikusten zituzten emaitzak eta behera egin duela. Zentro-eskuineko alderdi klasikoek lortu dituzte emaitzarik onenak. Errepublikanoek botoen % 29 inguru lortu dituzte. Le Penen alderdiak (RN) botoen % 19 lortu ditu, sozialistek % 17 eta Macronen Errepublika Martxan alderdiak % 10 ingurukoa.

Hauteskunde hauetan Frantziako 13 eskualdetako kontseiluak aukeratzen dira, baita 96 departamenduetako ordezkariak ere. Eskualde kontseiluek milaka milioiko aurrekontuak dituzte, eta eskolak, garraioa eta garapen ekonomikoa daude beren eskumenen artean. Oraingo desmobilizazio horren errua, neurri batean, eskuin muturrari leporatu diote, betiko obsesioak atera dituelako eztabaidara, segurtasunaren arazoa, esaterako, alor honetan eskualdeek inongo eskumenik ez duten arren. Marine Le Pen ez da hauteskunde hauetara aurkeztu, baina kanpaina gogorra egin du landa-eremuetan batez ere, eskuin muturrak babes handiena duen tokietan.

Hautagaien kopuru handiak ere desmobilizazioa eragin du. Parisko eskualdean bakarrik, herritarrek 11 zerrenda izan dituzte aukeratzeko.

Datorren igandean izango den bigarren itzuliari begira, arreta handiena alderdien arteko aliantzek eskuratuko dute.

Begirale gehienak arlo batean bat datoz: hauteskunde hauetako emaitzak ezin dira 2022ko apirilean izango diren presidenterako hauteskundeetara estrapolatu. Ez eskuin klasikoak, ezta sozialistek ere, ez dute oraingoz hautagai sinesgarririk.

Inkesten arabera, 2022ko presidenterako hauteskundeen bigarren itzulia Le Penen eta Macronen arteko buruz buruko bat izango da.