Itxi

Danborrada 2017

San Sebastian Eguna

Gauerdiarekin batera hasiko dira danbor hotsak Donostian

Erredakzioa

00:00ak iristeko zain daude Donostian Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxari ekiteko.

00:59
Hiritar merituaren dominak eman ditu Donostiako Udalak

Konstituzio Plazako ordulariak 00:00ak jotzeko zain esnatu dira gaur donostiarrak, orduan hasiko baita San Sebastian egun handia eta horrekin batera, danborrada.

Ordutik aurrera, danbor eta upel hotsak hiri osoan zehar zabalduko dira 24 orduz, etengabe, eta Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxa izango da gehien entzungo dena.

Gaztelubide elkartea izango da banderaren igoerako protagonista, eta aurten lehenengo aldiz, emakumezko batek parte hartuko du ekitaldian. Ainhoa Olasagasti izango da hori, Ureztatzaile Nagusia, eta Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusia eta Alberto Matilla Upel Nagusia izango ditu alboan.

Juan Karlos Izagirre alkateak, tradizioari jarraiki, altxatuko du hiriaren bandera 00:00etan, Donostiako Alde Zaharreko Konstituzio Plazan.

"Momentu magiko" horretan hasiko dira hiri osoan zehar danbor eta upel hotsak entzuten, elkarteen joan-etorrian.

Aurten, aparteko gonbidatu gisara, Breslaviako (Polonia) Udaleko ordezkaritza bat egongo da bandera altxatzeko ekitaldian. 2016ko Europako Kultur Hiriburu izango da Breslavia Donostiarekin batera eta 2011ko urte amaieran Donostiako Udaleko ordezkariak joan ziren hara.

118 danborrada

Aurten helduen 118 danborrada aterako dira, iaz baino 7 gehiago, eta 14.214 lagunek parte hartuko dute, 2011n baino 2.000 gehiago.

118 konpainia edo elkarteetatik, 105 mistoak dira eta 13 gizonezkoenak bakarrik. Hala ere, 14.000 parte-hartzaileetako 5.000 bakarrik dira emakumezkoak.

Urrezko danborra

Gainera, Behobia-San Sebastian lasterketaren antolakuntzak 2011ko Urrezko Danborra saria jasoko du hiriaren izena nazioartean zabaltzeagatik.

Haur-danborrada

24 orduz kaleak eta auzoak danbor hotsez estaliko dituzten helduen danborradez gain, San Sebastian Eguneko ekitaldi garrantzitsuenetako bat haur-danborrada izango da. Aurtengoan 52 konpainiatan (45 eskolak dira) banatutako 4.906 haur aterako dira danborradan.

Festa Azpeitian ere

San Sebastian eguna ez da Donostian bakarrik ospatzen, izan ere, Azpeitia ere jaia ospatzeko prestatzen ari da. Danbor hotsak entzungo dira han ere 22:15etik aurrera.

1.200 pertsonak parte hartuko dute Azpeitia zeharkatuko duen desfilean eta udaletxeko plazan elkartuko dira jaiaren momentu gorenean.

Donostian bezalaxe, haurrak izango dira bihar protagonista.