Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Poloniarrak beren Gobernuak Europarekin duen jarreraren aurka agertu dira

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

Estatu kide bakoitzaren legeak Europakoen gainetik jartzeak Europar Batasunaren amaiera ekarriko luke, eta balizko polexit batek ondorio katastrofikoak izango lituzke herrialdearentzat.

Polonia, Erresuma Batuaren ostean, bigarren herrialdea izango ote da Europar Batasunetik irteten? Brusela eta Varsoviaren arteko azken liskarra, aditu batzuen ustez, lehen urratsa da polexita gertatzeko bidean.

Beldur hori dela eta milaka poloniar 100 hiri baino gehiagotan kaleetara irten dira Poloniako Gobernuaren aurka, eta babesten duen Konstituzio Auzitegiaren erabakiaren aurka. Protestaldia oposizioko buruzagia eta Europar Kontseiluko presidente ohia den Donald Tuskek deitua izan da.

Europar Batasuna eta Poloniako Gobernuaren arteko enfrentamenduaren zergatia Auzitegi Konstituzionalak hartu berri duen erabakian dago. Auzitegi horren arabera, Poloniako legedia Europako legediaren gainetik dago. Orain arte ezagutu ez den erabaki txundigarri horrek azken enfrentamendua sortu du Brusela eta Gobernuko Justizia eta Askatasuna alderdi ultrakontserbadorearen artean. Azkena, baina ez enfrentamendu bakarra. Izan ere justiziaren independentzia ahulduz, Polonian egin diren legezko erreformek ere eztabaida ugari sortu dute azken urteotan, erreforma horiek demokrazia sisteman oinarrizkoa den botereen independentzia suntsitzen dutelako.

Orain Poloniak jarrera ez badu aldatzen, Europar Batasuna prest dago bere esku dauden neurri guztiak hartzeko. Hala esan berri du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, neurri horiek zehaztu gabe. Europar Batasunean dauden zurrumurruen arabera, zigor neurrietariko bat pandemiak sortutako krisia gainditzeko laguntzak ukatzea izan daiteke.

Europar Batasuna erronka horri erantzutera behartuta dago, Poloniako Gobernuaren aurka neurri zehatzak hartuz. Izan ere, estatu kide bakoitzaren legeak Europakoen gainetik jartzeak Europar Batasunaren amaiera ekarriko luke. Estatu bakoitzak bere kaxa bere legeak aurretik jarriz gero, Europar Batasunak ezingo luke bideragarri izan.

Europaren aldeko poloniar askok duten beldurra zera da: beren Gobernuak azkenean Polonia Europar Batasunetik kanpo ateratzea. Jakina, Polonia ez da Europar Batasuneko diru-kutxetan zergadun garbia zen Erresuma Batua, Margaret Thatcherrek lortutako txeke britainiarra gorabehera. Londresek hartzen zuena baino gehiago ordaintzen zion EBri. Poloniaren kasua guztiz kontrakoa da. Erregioen Fondoetatik, soilik, 100.000 miloi euro hartu ditu 2004an EBn sartu zenetik. Datozen urteetan ere, 2021tik 2027ra, 64.400 miloi euro hartuko ditu Kohesio Fondoetatik. Beraz, azkenean polexita gertatuko balitz hondamendia izango litzateke herrialde honentzat.