Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Immigrazioaren eztabaida Frantzian

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

Islamaren aurrean nortasun nazionalak izan behar duen etorkizuna zorroztu egin da Frantzian.

2022ko apirilaren 10ean Frantzian izango diren presidentetzarako hauteskundeen kanpainaurre honetan Islamaren aurrean nortasun nazionalak izan behar duen etorkizuna zorroztu egin da.

Emozioak areagotu egin dira Samuel Paty oroitzeko hainbat ekitalditan. Paty irakaslea zen, eta islamista batek burua moztu zion klasean Mahomaren karikatura erakutsi zuelako.

Hilketa horrek eragindako astinduak eztabaida zabaldu du: integrazioaren porrotak islamismoarekin loturarik ote duen Frantzian. Paty 18 urteko mutil batek hil zuen, sei urtez Normandiako eskola batean ikasi zuenak. Poliziak hil zuen atxilotzerakoan. Horren familia Txetxeniatik etorri zen asilo politikoa eskatuta. Antzeko curriculuma zuten 2015ean Parisko atentatuetan parte hartu zutenek. 130 lagun hil zituzten orduan.

Duela gutxi Macron presidenteak lege bat jarri du indarrean. Lege horrek Frantzian gizarte musulman paralelo bat sortzea eragotzi nahi du. Biztanle etorkin asko duten auzoak ditu jomugan. Frantziako gizarteak dituen baloreetatik urrundu egin dira. Ostera, ez dute azaldu lege horrek zer egin dezakeen auzo horietan emakume eta homosexualen aurkako diskriminazioaren eta antisemitismoaren aurka.

Eztabaida honen erdian, kezkatzekoa da Eric Zemmour eskuin muturreko komentarista eta kazetaria hain ospetsu bihurtu izana. Zemmour behin baino gehiagotan zigortu dute arrazakeria eta irain delituengatik. Inkestetan duen arrakasta tabuak apurtu dituelako omen da. "Zibilizazioak islamaren aurka duen gerraz" hitz egiten du. Presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaitza oraindik aurkeztu ez badu ere, bere onarpen-maila dela eta, Marine Le Penen jarraitzaile asko ari da erakartzen. Le Penek arriskuan ikusten du bere hautagaitza, eta immigrazioari buruzko erreferenduma agindu du, boto emailerik ez galtzeko.

Macronek berak ere ohartarazi duenez, "afganiar etorkinak masan etor daitezke", talibanak boterea hartu ondoren. Macronen ustez, "fenomeno horren aurrean Europa babestu behar da". Frantziak Afrika iparraldetik datorren immigrazioari aurre egiteko neurri gogorragoak jarri ditu indarrean jada. Maroko, Aljeria eta Tunisiara bisatuak zeharo murriztu ditu, eta Italia eta Espainiako mugetan polizia kontrolak areagotu ditu.

Immigrazioaren inguruko eztabaida Frantziako zentro politikora ere zabaldu da. Hori dela eta, orain egiten den galdera nagusia zera da: eutsiko al dio Macronek immigrazioaren aurkako politikari 2022ko urtarrilaren batean Europar Batasuneko presidentetza bere gain hartzen duenean?