Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Etorkinen presioa gehituz doa Europa ekialdean

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

Gero eta errefuxiatu gehiago ari dira Bielorrusiatik Europar Batasunera iristen Polonia zeharkatuz.

Gero eta errefuxiatu gehiago ari dira Bielorrusiatik Europar Batasunera iristen, Polonia zeharkatuz, eta Alemaniako koalizio gobernua negoziatzen ari diren sozialdemokrata, berde eta liberalentzat erronka izango da.

Duela sei urte, milaka errefuxiatu iritsi ziren Alemaniara Siriatik. Turkia eta Balkanak zeharkatu zituzten orduan. Angela Merkel kantzilerrak ateak zabaldu zizkien eta ongietorria egin. Ordutik, Merkel Europa mailako migrazio politika bateratu baten alde aritu da lanean. Baina Alemaniak ez du lortu inongo aurrerapausorik, ez eta Europar Batasuneko presidentetza bere esku egon denean ere.

Arazoa larritu egin da azkenaldian. Grezian eta Kroazian indar armatuek bortizkeria erabiltzen dute mugak zeharkatzen ahalegintzen diren errefuxiatuen aurka. Gero eta gehiago dira Greziara egoera negargarrian iristen direnak, edota itsasoan itota hiltzen direnak.

Bielorrusia ere Europaren aurka errefuxiatuak erabiltzen hasi da. Ekialde Hurbiletik iristen direnak autobusetan sartu, eta Poloniako mugara eramaten dituzte. Poloniak muga zeharkatzen uzten ez dienez, asko gosez eta hotzez hiltzen dira.

Orain, Afganistanen talibanek boterea hartu ondoren, milaka errefuxiatu iritsiko direla uste da, 2015ean gertatu moduan.

Alemanian, arazoa SPDko sozialdemokratak, Berdeak eta FDPko liberalak egiten ari diren negoziazioen mahaira iritsi da. Berdeak Poloniari laguntzearen alde daude, errefuxiatuak Europan zehar bananduta. Liberalak, ordea, politika gogorrago baten aldekoak dira.

Bien bitartean, Europar Batasunarekin borrokan ari den honetan, Poloniak 350 milioi euro eskatu dizkio EBri eta milaka soldatu mobilizatu ditu Bielorrusiarekin duen mugan alanbre arantzaduna erabiliz hesia eraikitzeko. Europar Batasuneko beste 11 herrialdek ere eskatu dituzte dirulaguntzak hesiak eraikitzeko. Austria, Bulgaria, Zipre, Danimarka, Estonia, Grezia, Hungaria, Letonia, Lituania, Txekiar Errepublika eta Eslovakia izan dira.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaitzetsi egin du eskaera, eta esan du Bruselak ez dituela finantzatuko herrialde bakoitzak bere mugetan jartzen dituen hesiak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena