Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Zigorraren zigorra

Juanjo San Miguel | EiTB Media

Juanjo San Miguel | EiTB Media

Azken urteetan Ekuadorren Mexikoko droga-trafikatzaile indartsuenak finkatu dira, Kolonbian ekoiztutako kokaina Estatu Batuetara bidaltzeko errazagoa den bidea erabiltzeko. Honek indarkeria areagotu du, batez ere Guayaquil hirian.

Espetxe sistemaren betebehar nagusia legea urratu duenari dagokion zigorra betearaztea da. Giltzapean egoteak, hala ere, ez du inor eskubiderik gabe uzten,eta espetxeen beste eginbeharretako bat, presoa birgizarteratzeko prestatzea da, eta horretarako baliabideak eskaintzea. Hala beharko lukete mundu guztiko kartzelek, baina eginkizun hauek betetzen dituztenak salbuespenak dira.

Egunotan Ekuadorko espetxeetan gertatutakoa albiste bihurtu da 120 hildako eragin dituen presoen altxamenduagatik; asko eta asko torturatu egin dituzte hil aurretik eta zatitu eta erre hil egin dituzte ondoren. Mutina berez, kartzelaratuen haserrearen eta ondoezaren leherketak eragindako iskanbila izan ohi da. Baina Ekuadorko Guayaquil hiriko espetxean ez ziren presoak altxatu kartzelarien jokaera gaitzetsi edo euren bizi baldintzak salatzeko.

Espetxe honetan gertatutakoak ez zuen inongo loturarik espetxe barruko egoeraz, indarkeria erabiltzeko agindua kartzelan jaun eta jabe diren mafia buruek eman baitzuten. Helburua, aldiz, kartzela barruko kontrola eskuratu eta mafia buru batzuen espetxe aldaketa galaraztea zen. Guzti hau zergatik gertatu den azaltzerakoan, agintariek aitortu dute Ekuadorko espetxeak gainezka daudela, duten ahalmena baino lau bider handiagoa dela preso kopurua eta baldintzak penagarriak direla. Adituek, aldiz, sistema osoaren gabeziak azpimarratu dituzte.

Baina espetxe hauen egoeran zertxobait arakatu ezkero ohartu gaitezke arrazoiak beste batzuk izan litezkeela. Azken urteetan Ekuadorren Mexikoko droga-trafikatzaile indartsuenak finkatu dira, Kolonbian ekoiztutako kokaina Estatu Batuetara bidaltzeko errazagoa den bidea erabiltzeko. Honek indarkeria areagotu du, batez ere Guayaquil hirian, egunero 20 pertsona hiltzen baitituzte kalean, kartzelan, aldiz, beraiek dira agintariak. Droga-trafikatzaileek espetxe barruak kontrolatzen dituzte funtzionarioak mehatxatuz edo erosiz. Estatuko erakunde nagusiak presionatu edo euren menpe jartzeko indarra ere badute; ondorioz, kanpoko ateko giltza funtzionarioen esku egon arren, barruko gobernantza guztia gaizkile talde horien esku dago. Espetxe barrura nahi dutena sartu dezakete: armak, telefonoak, emakumeak sexu harremanetarako, festak antolatzen dituzte, eta funtzionarioek ez dute ezer egiten, ezin baitute ezer egin.

Eta egoera honen biktima nagusiak presoak dira, mafia hauek beraien taldeetakoak ez diren presoei estortsioa egiten dietelako. Janaria, edaria, mantak edo babesa nahi badute dirua ordaindu behar dute. Eraso mehatxuak ere jasotzen dituzte eta bizirik iraun nahi badute familiak dirua jarri beharko du. Guzti hau gertatzen ari da Ekuadorren eta Amerikako beste herrialde batzuetan, baina egia da jendeari gutxi axola zaiola espetxe barruan gertatzen dena, askok eta askok uste baitu merezi dutela gerta dakiekeena. Bitartean gaizkile arriskutsuenak, Estatua zulatzen ari dira, berez beraien aurka estatu horrek erabili beharko lituzkeen tresnak bereganatuta.