Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Glasgow

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Itxuraz estatuak ez daude lehiarako gaitasuna galtzeko eta hazkundea murrizteko prest eta herritarrok ez dugu okerrago bizi nahi.

Gizakiok sortutako kutsadurak mundua arriskuan jarriko zuela kontu jakina da iragan mendeko 80ko hamarkadaz geroztik. Urte horietan erregai fosilak ekoizten dituzten enpresek ingeniariak eta adituak kontratatu zituzten, eguratsean izan zitezkeen aldaketak aztertu eta beraien negozioan horrek izan zezakeen eragina egiaztatzeko. Eta aditu horiek ohartu ziren erregaien erabilera aldatzen ez bazuten 40 urteko epean tenperatura gradu bat berotuko zela, eta hortik aurrera goranzko bidea etengabea izango zela. Alarma deia zergatik ez zuten egin galdetzen zaienean aditu horiek diote denbora zegoelako eta uste zutelako gobernuek eta enpresa arduradunek hartu beharreko neurri eta erabakiak hartuko zituztela egoerari aurre egiteko.

Aurkikuntza horietatik 40 urte pasa ondoren inoiz baino okerrago gaudela diote gaur egungo adituek, tenperatura berotzen ari diren gasen isurketa ez dugulako murriztu eta erabilera handiagoa delako urtetik urtera, ez baitugu oraindik goia jo. Arazoaren muina zehazteak eta hitzetan jartzeak ez dirudi eginkizun zaila, konponbidea ordea ezinezkoa bihurtu zaigu. 2015ean Parisen lortutako hitzarmenak eta herrialde guztiek hartutako konpromisoek itxaropenari atea ireki zioten, baina sei urte pasa ondoren orduan sinatutako ia ezer ez dela bete baieztatu dugu. Eta hori gertatzen ari da benetan eraginkorrak izateko onartu beharreko aldaketak mingarriak direlako.

Itxuraz, kutsaduraren arriskuak duen abiada berean eman behar ditugu pausoak eta inor ez dago horretarako prest eta prestatua. Esate baterako Parisen herrialde aberatsenek urtero-urtero herrialde pobreenei ehun mila milioiko diru transferentzia egingo zietela agindu zuten, baina ez dute bete.

Erregaiaren erabilerak beste eztabaida bat ere sortu du, batzuek abantailak lortu nahi dituztela ekonomia garatzeko beste batzuen kaltetan eta hori joko zikina dela. Kritika hori jaso dutenek diote, aldiz, mendetan nahi beste kutsatu eta suntsitu dutenek orain beraiei mugak jarri nahi dizkietela euren garapena eta ondorioz ongizatea mugatuz. Hegoaldeko herrialdeek diote, aldiz, beraiek gutxien kutsatu dutenak izan arren gogorren pairatuko dutela iparraldekoek eragindako txikizioa.

Baina auzi honetan eragozpen nagusia herrialde garatu eta aberatsetan dugu, azken finean hartu beharreko erabakiak eraginkorrak izateko gure bizimodua aldatu beharko dugulako eta aldaketak benetakoak, sakonak izan beharko dutelako. Azken hamarkadetan ekonomiaren hazkundeak eta estatuen garapenak ekarri digun bizimoduaren atal garrantzitsuei uko egin beharko diegu, deserosoago bizi beharko dugu, mugimenduak mugatu eta kontsumoa gutxituz. Eta itxuraz estatuak ez daude lehiarako gaitasuna galtzeko eta hazkundea murrizteko prest eta herritarrok ez dugu okerrago bizi nahi gure orainak guztion etorkizunak baino gehiago axola zaigulako.