Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Askatasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Esan ohi da norberaren askatasuna hurkoarena hasten den mugan amaitzen dela, eta elkarbizitza arautzeko lehen legea, gure askatasunaren zati bati uko egitea dela. Txertatzen ez direnek gizarte osoa arriskuan jartzen dute, eta galdetu beharko litzaieke errepidean zergatik ez doazen ezkerretik.

Uste eta nahi baino askoz gehiago luzatzen ari den pandemiak, kolokan jarri dizkigu sendoak ziruditen egiak eta irizpideak. Aldaketa batzuk onerako izan dira, beste batzuek, aldiz, agerian utzi dituzte elkarbizitza garatzeko sarriegi ditugun eragozpenak.

Mundu guztia astindu duen gaitzari aurre egiteko, baliabideak bideratu eta aginduak zehazteko, hiru taldek dute hitza eta erantzukizuna: ikerlariek eta adituek, epaileek eta politikoek. Beraien esku dago zer egin finkatzea, baina guztiek, azpimarratzeko moduko salbuespenak kenduta, nahiago izan dute euren lana betetzeko izan dituzten zailtasunak azpimarratzea, duten erantzukizuna aitortzea baino.

Koronabirusari aurre egiteko ikerlari, epidemiologo, zientifiko eta sendagile ia guztiek onartzen dute txertoa dela tresna eraginkorrena, gizartearen gehiengoa txertatzea litzatekeela erabaki egokiena gaitza menderatzeko. Baina hori uste arren, zalantzak sortzen zaizkie txertatzea derrigortu beharko litzatekeen ala ez galdetzen zaienean, hori ez dela beraien lana diote. Epaileen kasuan, legera jotzen dute, jendea txertatzera behartzeko lege egokiak ezinbestekoak dira eta hori politikoen eginkizuna dela diote. Hauek, berriz, zalantzak erakutsi dituzte, horrelako erabakiek beti eztabaida eta ondoeza sortzen dutela jakin badakitelako.

Herrialde bakoitzean eztabaida honek kutsu ezberdina hartu du, baina pandemia gainditzeko ditugun zailtasunak ikusita, gero eta gehiago dira guztion bete behar saihestu ezina izan beharko zukeela uste dutenak. Aurkakoak, hala ere, asko dira. Batzuek boterearen, estatuen eta agintarien plangintza ezkutuen tresna ezinbestekotzat jotzen dute txertoa. Beste batzuek, nonbaiten mediku ezezagun batek, ustezko adituak edo beste arloren batean ezagunak adierazitakoak, zientifiko, sendagile eta Osasunaren Mundu Erakundeak egiaztatu eta bideratutako guztiaren aurretik jartzen dute. Paranoien mundutik irten eta arrazoinamendu zuzenagoak helarazten dizkiguten aurkakoek batez ere askatasuna azpimarratzen dute. Gizabanakoak duen eskubidea berari dagozkion auzietan erabakitzeko.

Esan ohi da norberaren askatasuna hurkoarena hasten den mugan amaitzen dela, eta elkarbizitza arautzeko lehen legea, gure askatasunaren zati bati uko egitea dela. Legeak gure eskubideak babesteko eginak omen daude, eta lehen eskubidea guztion bizia eta integritatea da. Gaur egun egoera askotan derrigorrezkoa da txertoa. Betikoak haurtzaindegietan kutsadurarik zabaldu ez dadin. Osasun arloko langileen artean, arriskua jasan eta zabaldu lezaketelako. Lantoki publiko eta pribatu ugaritan…Txertatzen ez direnek gizarte osoa arriskuan jartzen dute, eta galdetu beharko litzaieke errepidean zergatik ez doazen ezkerretik.