Itxi

Felipe Etxebarria

ANALISIA

Errusia munduko ordainketa sistematik kanpo geratu daiteke

FELIPE ETXEBARRIA

FELIPE ETXEBARRIA

Ukrainari eraso eginez gero, zigor gogorrak jartzeko mehatxua egin diote Errusiari G7-ko ministroek. Horietako bat SWIFT nazioarteko ordainketa sistematik kanpo uztea litzateke. Horrek Errusiako ekonomiarentzat ondorio larriak izango lituzke.

SWIFT (Society for Worldwide Interbank Financial Telecommunication) Nazioarteko ordainketarako zerbitzu sistema sare honek La Hulpen, Brusela hegoaldean, dauka egoitza. Plataforma honen bitartez mundu mailan finantza zerbitzuak bideratzen dira.

11.000 bankurentzat plataforma
11.000 bankuk baino gehiagok erabiltzen dute telekomunikazio sare hau banku transferentzietan eta kreditu txartelen bitartez ordainketak egiterakoan informazioa trukatzeko. Transferentzia zuzenean bi bankuren artean egin daiteke, edo bi aldeekin harremana duen hirugarren baten bitartez. SWIFTek ere funtzio hori betetzen du, BIC (Bank Identifier Code) segurtasun kodea erabiliz. Kode horren bitartez edozein banku identifika daiteke. Segurtasun sistema hori gabe ezin da egin babestutako finantza transakziorik. Beraz, mundu mailako finantza sisteman oinarriko betebeharra dauka.
Iaz SWIFT sistemaren bitartez 9.600 informazio trukaketa egin ziren.


Irani ezarritako zigorra
Zigor hori bera Irani ezarri zioten 2012 eta 2016 bitartean, programa nuklearragatik. Orduan hogeita hamar bat banku iraniar SWIFT sistematik baztertu zituzten. Horrek bere ekonomian ondorio oso kaltegarriak eragin zituen.

Zigorren ondorioz, AEBk eta Europar Batasunak petrolio iraniarra erosteari utzi zioten, ostera Errusiak eta Txinak erosten jarraitu zuten. Baina erregaia herrialde horiei saldu ahal izateko Irango merkatariek Dubaiko petrolio ontzien jabeei eskudirutan ordaindu behar zieten. Ondorioz, Irango diru sarrerak erdira jaitsi ziten. Hori dela eta, Iran programa nuklearra uzteko negoziazio mahaian jartzera behartu zuten.


Kremlin: "SWIFT-etik baztertzea gerra deklarazioa litzateke"
2014an Errusiak Krimea inbaditu zuenean zenbaitek zigor hau eskatu zuten dagoeneko. Alexej Kudrin orduko Errusiako ekonomia ministroak aitortzen zuen barne produktu gordina % 5 jaitsi zitekeela. Ministroaren arabera, "zigor hau Errusiaren kontrako gerra deklarazioa" litzateke. Udaberri honetan Mosku Ukrainako mugan tropak biltzen hasi zenean Europako Parlamentuak ere eskatu zuen Errusia SWIFT sistematik baztertzea.

Errusiak ordainketa-sistema propioa du 2014tik, baina banku barruko transakzioen laurdena baino ez du hartzen. Errusiako dozena bat banku Txinako sisteman sartuta daude, baina oso sistema mugatua da hura.