Itxi

Begoña del Teso

Sinadurak

Badago beste zinema baina ez da zinema saloietan

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Areto korrienteetan ez da estreinatzen eta ez da inoiz estreinatuko gure etxe ondoan eta mundu zabalean egiten den zinema guztia.

Joandako garaietan seko iltzaturik geratu diren horiek tematsu darabilten leloa da. Iragan minez, orainean desoseguz bizi direnen arkanbele kanta. Bide, omen, ei, zinema ezin da ikusi pantaila handietan baino.

Printzipioz, zinemak elikaturik bizirik irauten dugunok ados izan beharko genuke. Printzipioz, bueltarik ez duen esaldia  ematen du. Aro laiko honetako Zorionbide berri antzeko zerbait: Zorionekoak zinema pantaila handietan ikusten dutenak beraiek baino beste inork ez baitu ezagutuko zinemaren maiestatea.

Atrebentzia handiz diotsuet bat  ez natorrela. Lehenik eta behin, gero eta txikiagoak dira gure etxe ondoko aretoetako pantaila handiak. Aspaldi zaharrean bota zituzten higiezin eta hirigintzako handi-mandiek zinema jauregiak eta zutik zirauten  gutxi horiek orain asko bilakatu ziren multiaretoak.

Bene-benetako pantaila handirik bilatzeko, Parisen edo Berlinen gorde-aldare bezala babesturiko zinema tenpluetara jo behar, sarri bertako herritarrek borrokaz eta diru bilketaz salbaturiko saloietara.

Bestalde, geratzen diren  areto korrienteetan ez da estreinatzen eta ez da inoiz estreinatuko gure etxe ondoan eta mundu zabalean egiten den zinema guztia, zinema berri oro, ausardia osoz  sortutakoa, irudiaren ertzetatik at eta harago egina den hori, jende makina baten sosa txikiekin aurrera ateratakoa. Ez, zinema hori ez da gure plazetan, gure  merkataritza-gunetan  dauden zinema-gelatan, txokoetan zabalduko. Inoiz ez.

Negar egingo luke amak baleki? Ez luke ba zertan malkorik bota behar. Badira irteera majoak. Badira gordeleku primerakoak. Badira handiak ez diren pantaila handietan estreinatzen ez den zinemaren alde gogor eta gogoz borroka egiten duten zaldun eta kameradun prestuak. Eta barkatuko didazue heretiko samar jotzegatik,  baina gerlari horiek zuen etxeko pantaila txikitxoetan dihardute duelu ederrean; zin degizuet. Etsenplu, Rotterdam, Donostia eta Malagako Zinemaldietan jendea ahoa bete hortz eta begiak bete harridura utzi zuen Ainhoa Rodriguezen Destello bravío Filmin plataforman dago zuenean.

Irudiz, soinuz, planoen konposizioaz, paisaiari darion tristuraz, pertsonaien izaeraz atrebentzia aparta, bikaina, muturrekoa den  zinema puska hori zuen egongelan, zuen Home Zinema delakoan duzue dastagai. Sekula ez dugue areto arruntetan aurkituko.  Hobe, guk babestuko dugu. Gurean.

Gauza bera gertatuko da bihar etxeko pantailetan estreinatuko diguten Agustí Villarongaren El ventre del mar zuri-beltzeko itsaso poema minduarekin. Zorionekoak etxean pantaila txikia dutenak, beraiek ikusiko baitute zinema ikusezina.