Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Boris Johnsonen gezur sistematikoak

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Johnsonen estiloa ez da berria. Joan den mendeko 90. hamarkadan 'Daily Telegraph' egunkari kontserbadoreko Bruselan korrespontsala zenean, bere kronikak kutsu burlati eta txistosoaz, erdi egiz, erdi gezurrez beteta zeuden.

Inkesten arabera, Britainiarren bi herenek uste dutenez, Boris Johnson lehen ministroak dimititu behar du, gezurrak esan dituelako. Baina berak ez du amore eman nahi, eta botereari eusten dio esanez bere egoitzan antolatutako jaialdiek bere gobernuaren arauak urratzen zituztela inork ez ziolako esan. Eta behin eta berriz errepikatzen du ez duela parlamentuan gezurrik esan. Baina Dominique Commings bere aholkulariak ere aitortzen duenez, lehen ministroak gezurra esan zuen Westminsterren.

Bere gobernuak pandemiari aurre egiteko biztaleria osoa konfinatzen zuen bitartean, Boris Johnsonen gobernuak jaialdiak antolatzen zituen Downing Streeten. 2020ko maiatzean izandakoa, bere ministro batek horrelako ekitaldiak debekatu, eta ordu gutxira ospatu zen. 2021eko apirilean Felipe Edimburgokoa erreginaren senarraren aldeko hileten bezpera egunean ere beste jaialdi bat ospatu zuen.     

Bere gobernuak berak onartutako arau hausteek haserre handia piztu dute herritarren artean. Inkesten arabera, britaniarren bi herenek uste dutenez, dimititu behar du. Bere alderdi kontserbadoreko diputatu gero eta gehiagok ere hala uste dute.

Boris Johnson 2019an boterera iritsi zen, parlamentuak ezin zuenean gehiengo bat lortu, Theresa May lehen ministroak eta EBk negoziatutako "brexit"aren akordioaren inguruan. Orduan, Boris Johnsonek gehiengo bat lortu zuen, May gobernutik bota, eta boterea berak eskuratzeko, beti ere Erresuma Batuan EBtik ateratzeko promesarekin. 

"Brexit"aren kanpaina osoa gezurrez beteta egon zen. Eta "brexit"ak jadanik urtea bete duenean, egindako promesa haietatik asko ez dira bete. Horrek frustrazioa eragin du EBtik irtetearen aldeko askoren artean.     

Baina Boris Johnsonen estilo hori ez da berria. Joan den mendeko 90. hamarkadan Daily Telegraph egunkari kontserbadoreko Bruselan korrespontsala zenean, bere kronikak kutsu burlati eta txistosoaz, erdi egiz, erdi gezurrez beteta zeuden, prentsa britaniarrak gogoratzen duenez. Boris Johnsonen orduko artikuluak giza talde euroeszeptikoentzat oso gogokoak ziren. Garai horietan euroeszeptizismoa indartuz joan zen, eta Boris Johnson pertsona ezagun bihurtu zen, gerora Londresko alkatetza lortuz, eta azkenik lehen ministro karguan Erresuma Batua EBtik ateraz.

"Brexit"a jadanik indarrean dagoela, Johnsonek, berak sinatuta egon arren, Irlandari buruzko protokoloa ez betetzeko mehatxu egin zuen udazken honetan. Gero atzera pausoa eman zuen pilatu zitzaizkion arazoak ikusita, besteak beste, gasolindegietako erregai eskasia, eta orain bere festen inguruko gezurrek sortutako eskandaluak.

Bien bitartean, Erresuma Batua politikoki geldirik dago, alderdi kontserbadorean ordezkoa izan zitekeen lider argi bat ez delako agertzen.