Itxi

Gernikako Bonbardaketa

75. urteurrena

Durangok duela 75 urteko bonbardaketako biktimak omendu ditu

Erredakzioa

Planifikatutako lehen aire-bonbardaketa izan zen; gerra estrategia berri baten hasiera, alegia.

01:14
Durangoko hilerrian egin dute bonbardaketaren omenaldi nagusia

75 urte dira hegazkin faxistek Durango bonbardatu zutela. Italiarrak ziren hegazkinak, baina Frankoren tropen aginduetara jardun zuten eta tona bat bonba jaurti zituzten Durangoren aurka.

Eguerdian lore eskaintza egin dute herriko hilerrian. Bertan Durangoko bizilagunak, hildakoen senideak eta zenbait agintari bildu dira; Iñaki Azkuna Bilboko Alkatea eta Idoia Mendia Jaurlaritzako Justizia sailburua, besteak beste.

Europako populazio zibilaren aurka inoiz egindako lehen aire-bonbardaketa izan zen, eraso mota horren eragina neurtzeko asmoz egindako esperimentua; herri osoa suntsitu eta makina bat errugaberen heriotza ekarri zuen. Denera, 336 lagun hil ziren eta 300 eraikin baino gehiago erabat suntsituta gelditu ziren.

Azkarra izan zen, hiru minutu inguru. Eta ondoren, kaosa nagusitu zen.

Hegazkin bonbaketariak Soriatik abiatu ziren. Errioxa parean beste ehiza-hegazkin batzuk batu zitzaizkien. Helburuak, Otxandio, Elorrio eta Durango ziren.

Frontetik urrun zegoen Durango, eta ondorioz, ez zituen babes antiaereoak. Erresistentziarik gabe, Italiako faxisten lau hegazkinek hainbat bonba tona jaurti zituzten.

Gerra-estrategia berria

Lehen Mundu Gerran egon ziren populazio zibilaren aurkako bonbardaketak, baina Durangokoa, planifikatutako lehena izan zen; gerra estregia berri baten hasiera.

26 egun beranduago, "Kondor Legioak" eta Italiako hegazkin faxistak Gernika bonbardatu zuten.

Euskal Telebistak aste honetan Durangoko bonbardaketa gogoratu du Durango, isildutako bonbardaketa dokumentalaren biatartez. Larunbatean, 23:00etan ETB-1en ikusgai izango da. 1937ko martxoaren 31an, harridura eta izuaren artean, erasoa jasan zutenei buruzko ikus-entzunezko honek tragedia hartatik bizirik atera ziren zortzi pertsonen sentimenduak eta orduko irudi odoltsuenak biltzen ditu.