Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Erantzukizuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Estatu Batuek Afganistango eta Irakeko gerretan izandako jokaerak, mendebaldeko demokraziaren oinarriak zulatu ditu. Helburuak lortu ahal izateko ontzat eman dituzte portaera oro, torturak eta epaiketarik gabeko hilketak.

Arduraz edo ardura gabe jokatu ondoren, gure erantzukizunaren aurrean azaltzen zaigu gure burua. Zuzena izan bada gure portaera, agindutakoa bete badugu, saria edo laudorioa jasoko dugu; gure ahaleginak emaitzarik izan ez badu, gaitzespena eta zigorra izan liteke erantzuna. Hala omen da gizaki arruntontzat, eta hala beharko luke gizaki ororentzat, baina gertuko eta aintzinako historiak erakutsi digu hori ez dela horrela.

2001an, Estatu Batuetan Dorre Bikien aurkako erasoak izan ondoren, orduko presidenteak, George Bushek Afganistanen kontrako erasoa egitea erabaki zuen, atentatu haiek egin zituztenak babesteagatik. Eraso planak nazioartearen elkartasuna eta laguntza jaso zituen, eta Nazio Batuen oniritzia. Baina operazioaren zilegitasuna alde batera utzita, eta izango lituzken zalantzazko kontu nabarmenak, Estatu Batuek ez zuten prestatu eta antolatu horrenbesteko eragina izango zuen ekintza hura .Garbi zuten bakarra erasoa egiteko beharra izan zen, baina ez handik aurrera gerta zitekeena, noraino iritsiko ziren, nola antolatuko zuten ziurtzat jotako garaipena.

Orain 20 urteko okupazioaren ondoren, modu txarrenean ihes egin dute, herrialdea sartu zirenean baino okerrago utzita. Tartean 150.000 hildako, kopuruak finkatzea ezinezkoa bada ere, 2.500 soldadu estatubatuar hil dituzte eta zauritutakoak 20.000tik gora dira. Afganistanen Washingtonek bi bilioi dolar xahutu ditu eta, esan bezala, herrialdea sartu zirenean baino okerrago dago. Estatu Batuek gainera ez dute inoren iritzia onartu, ez dituzte euren erabakiaren ondorioak kontutan hartu, benetako hondamendia bihurtu den irteera nahasi eta antolatu gabea burutzeko.

Afganistanera soldaduak bidali zituen presidente berak, kasu honetan Nazio Batuen oniritzirik gabe eta nazioartean zatiketa handia eraginez, Irak inbaditzea erabaki zuen. Kasu horretan gezurrak esan eta zabaldu zituzten operazio militarra arrazoitzeko eta justifikatzeko. Herrialde horri eraso egiteko erabilitako aitzakiek munduko beste 80 bat herrialderen kontrakoak zilegi bihurtzeko balio zezaketen. Eta hemen burugabekeriaren ondorioak askoz larriagoak izan dira. Hildakoen kopurua Afganistangoa baino dezente handiagoa da, kasu honetan ere datu zehatzak ematea ezinezkoa bada ere. Iturri fidagarrienen arabera, milioi erdi izan litezke, bertan lurperatutako dirutza bilioi eta erdi dolarretik gorakoa da eta Iraken eragindako kaltea zenbatezina. Kontatu eta irudikatu daitezken kalteez gain, Estatu Batuek bi gerra hauetan izandako jokaerak, mendebaldeko demokraziaren oinarriak zulatu ditu, edozein portaera, tortura eta epaiketarik gabeko hilketak, ontzat eman dituzte helburuak lortu ahal izateko.

2009an agintea utzi ondoren, George Bushek etxea erosi zuen Dallas hirian, hitzaldiak ematen ditu, liburu bat idatzi du eta denbora librea koadroak margotzen erabiltzen du.