Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Errusiak jarrera argia eskatu die NATOri eta Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeari

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Eskakizun horiekin Errusiak agerian utzi nahi ditu erakunde horien barnean dauden desadostasunak. Harrigarria da gainera Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeari eskakizun hau egitea, Errusia bera eta Ukraina ere biak erakunde honetako kidek baitira.

Ukrainako krisia dela eta, Errusia eta Mendebaldearen arteko tentsioa fase berri batean sartu da Sergei Lavrov Errusiako Atzerri Ministroak NATOri eta Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeari eskakizun berria egin eta gero. Eskakizun horiekin Errusiak agerian utzi nahi ditu erakunde horien barnean dauden desadostasunak. Harrigarria da gainera Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeari eskakizun hori egitea, Errusia bera eta Ukraina ere biak erakunde honetako kidek baitira. Ministro errusiarrak "Europa osoan segurtasuna bermatzeko konpromisoa nahi du, beti ere Errusiaren interes legitimoak kontutan hartuz". Berriz ere Moskuk sobietarren garaiko jarrera inperiala hartzen du bere gain eskaera hori egiterakoan, Ukrainak ere bere interes legitimoak kontutan hartzeko  eskubidea edukiko ez balu bezala.

Errusiak 100.000 soldadu baino gehiago batu ditu Ukrainako mugan, eta hori Mendebaldeak Ukraina erasotzeko prestakuntzaren baitan kokatu du, Moskuk behin eta berriz hori ukatu arren. Errusiak NATOko indarrak Europa Ekialdeko estatuetatik kentzeko eskatu du, eta Ukraina NATOn ez sartzeko konpromisoa ere bai. NATOk ezetz borobilarekin erantzun dio. Gainera, Vladimir Putin presidente errusiarrak uste duenez, Estatu Batuek eta NATOk emandako idatzizko erantzunak ez dira nahikoa. Hala ere, elkarrizketekin jarraitzeko prest azaldu da.

Bien bitartean, ondorengo egunetan Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Putinekin telefonoz hitz egingo du elkarrizketekin jarraitzeko eskatuz. Johnsonek europarren artean Errusiarenganako jarrera gogorrenetarikoa dauka. Elkarrizketa horietan ere parte hartzeko, Jean-Yves Le Drian Frantziako atzerri ministroa eta Annalena Baerbock Alemaniakoa batera Moskura joango dira otsailaren 7 eta 8an.

Estatu Batuek dagoeneko iragarri dutenez, tropak bidaliko ditu Europa Ekialdeko NATOko herrialdeetara, baina ez Ukrainara, Jens Stoltenberg, NATOko idazkari nagusiak baztertu duenez. Stoltenbergek, aldi berean, Errusiako gasaren erosketak ahalik eta gehien murrizteko eskatu die Europako herrialdeei.