Itxi

Felipe Etxebarria

ANALISIA

Zergatik zabaldu zen NATO Europa Ekialdera?

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA

Sobietar Batasuna desegin ondoren, Europa Ekialdeko herrialdeek NATOren ateetara deitu zuten. Izan ere, sobietarren agindupean izan eta gero, Moskuko gobernuarekiko mesfidantza handia zuten.

Gerra Hotzaren garaian sortu zen NATO, etsai komunistari aurre egiteko. Baina 1991an Sobietar Batasuna eta Varsoviako Ituna desegin zirenean, Aliantza Atlantiarra etsai gabe aurkitu zen.

Beraz, urteetan zehar NATO helburu zehatzik gabe izan zen. Hain izan zen horrela, Macron presidentearen arabera, Aliantza Atlantiarra garunetako heriotzan zegoela. Aurtengo otsailaren 24an burututako Ukrainaren inbasioa justifikatuz, Putinek NATOri leporatu dio, Europako Ekialdera ez handitzeko hitza 1997an eta 2004an hautsi zuela.

1991 eta 1993 bitartean Sobietar Batasuna desegin ondoren, Europa Ekialdeko herrialdeek NATOren ateetara deitu zuten. Izan ere, berrogei eta hamar urtetan sobietarren agindupean izan eta gero, herrialde hauek Moskuko gobernuarekiko mesfidantza handia zuten.

Mendebaldeak agindu ote zion Errusiari NATO ez zela Europa Ekialdera zabalduko?

Harremanak okertzearen muinean izan da gai hori. "Gezurra esan ziguten, gure bizkarrean erabakiak hartu zituzten. Hori gertatu zen NATO Europa Ekialdera zabaltzeaz, eta azpiegitura militarrak gure mugetan jartzeaz", hala salatu zuen Putinek 2014ko martxoaren 18an, Krimea Ukrainari kendu eta gero.

Presidente errusiarra, 1990an Mijail Gorbatxov orduko presidenteari estatubatuarrek, britainiarrek, frantsesek eta alemaniarrek Alemaniaren batasunerako  negoziazio sakonen ondoren, egindako promesetan oinarritu zen, salaketa hori egiteko. "Ez zen ezer idatzita finkatu. Gorbatxovek egindako akatsa izan zen hori. Dena idatzi behar zen", esan zuen Putinek 2015ean, eta hauxe gaineratu zuen: "Gorbatxovek hitz egin baino, besterik ez zuen egin. Berarentzat emandako hitza nahikoa omen zen".

1990ko otsaila eta maiatzaren artean, Gorbatxovek bermeak hartu zituen: "NATO ez zen Ekialdera zabalduko", esan zuen James Baker AEBko Estatu idazkariak. Helmut Kohl, Margaret Thatcher eta Georges Bush aitarengandik ere berme berberak hartu zituen. NATO ez zela Alemania batutik harago joango. Hala azaltzen da George Washington Unibertsitateko Segurtasun Nazionalaren artxibo desklasifikatuetan.

Putinen bertsio hau ezeztatu egin dute NATOko kideek behin baino gehiagotan. Hauek NATOren handitzea justifikatzen dute, 1991ko testuingurua ez zelako 1990koa. 1990an mendebaldarrek Sobietar Batasunari eta Varsoviako Ituneko bere sateliteei emandako bermeak zirelako. Orduan NATOren handitzea pentsaezina zen.  Baina 1991ko gertakizunek egoera guztiz aldatu zuten. Urte hartan Sobiet Batasunaren desagertzeaz hamabost estatu berri sortu ziren. Mendebaldarrek mehatxatu nahi ez zituzten mugak ez ziren berdinak. Ez ziren Sobietar Batasunarenak, Errusiako Federazioarenak baizik. Ez zegoen Poloniari, Errepublika Txekiarrari eta Hungariari egindako promesik. Hau da historialari batzuk eta gai honetan adituek ateratako ondorioetako bat.

Gorbatxov bera ere interpretazio honekin bat zetorren "Russia Beyond" kateari egindako adierazpenetan. Kate hau Errusiako gobernuak finantziatutakoa da eta gaur egun Ukrainako gerrari buruzko Putinen bertsioaren hedatzailea. Gorbatxovi galdetuta, zergatik ez zuen eskatu  itun lotesle idatzian NATO ez handitzeko promesa, azken presidente sobietarrak zera erantzun zuen:

"NATOren handitzea ez zen eztabaidan egon. Orduan jokoan zera zegoen: azpiegitura militarrak Alemania Ekialdean ez jartzea. Bakerrek adierazpenak testuinguru horretan egin zituen... Obligazio hori egiteko egin behar zen guztia egin zen. Eta errespetatu egin zen".

1994an Bakerako Lankidetza sortu zen. Asia eta Europako 34 herrialde batzen zituen, elkarren arteko lankidetzarako. Baina  Polonia, Errepublika Txekiarra eta Hungariaren itxaropenak ez zituen betetzen, eta hauek NATOn sartzeko eskatzen hasi ziren behien eta berriz. Txetxenian Errusiak egindako erasoak (1994-1996) arrazoi gehiago eman zizkien. Hasieran Clinton presidentea ez zegoen ados, baina gero iritsiz aldatuz joan zen, eta hedapenaren ideiak beren ingurukoen artean gero eta indar gehiago hartu zuen. Beraz, 1997an lehen zabaluntza gertatu zen, eta 2004an, bigarrena. Putinek berberak esan zuen 2004an: "Herrialde baltikoak NATOn sartzea ez zen tragedia izango".

Ukrainaren kasua ezberdina da, NATOko kide batzuk behin eta berriz gaitzetsi zutelako herrialde hau Aliantzan sartzea, Errusia haserretuko zen beldurrez. Modu ofizialean 2008an Frantziak eta Alemaniak betoa jarri zioten, Ukraina NATOn sartzeari uko eginez.

Errusian Ukraina inbaditu baino egun batzuk lehenago ere, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak behien eta berriz Putini esan zionez, Ukrainaren sarrera ez zegoen NATOren agendan. Gero ikusi denez,  hori ez da nahikoa izan eraso errusiarra saihesteko.