Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Europarren erdiak gerra nuklearraren beldur dira

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Europako gehiengo zabal batek gaitzesten du Errusiaren erasoa. Halaber, Ukrainako gerra Europa osora zabaltzeko arriskua ikusten dute europarren erdiak baino gehiagok.

Ukrainako gerra Europa osora zabaltzeko arriskua ikusten dute europarren erdiak baino gehiagok. Hala dio INSAak, Soziologia Ikerketarako Institutuak, egindako azken inkestak.

Alemaniarren ia herenak, % 32k, uste dute gerra Europako kontinente osora zabaldu eta gatazka nuklear batean amaitzeko arriskua dagoela. 

Espainian eta Herbehereetan beldur hori oraindik handiagoa da. Espainiaren kasuan, % 45ekoa eta Herbehereetan, % 51 dira arrisku hori ikusten dutenak. Frantzian oraindik ezkorragoak dira, % 81 baitira arrisku nuklearra ikusten dutenak. Horietatik % 39k uste dute arriskua handia dela. Izan ere, ustezko kutsadura erradioaktiboaren aurka prest egoteko, iodo pastillen salmentak nabarmen igo dira Frantziako farmazietan.

Hala ere, gehiago dira gerra konbentzionala Europan jasateko arriskua ikusten dutenak. Italian % 63k eta Alemanian % 52k beldur hori dute.

Espainiaren kasuan deigarria da, Portugalekin batera, gerra urrunen duen herrialdea izan arren, gatazkaren beldurrik ez duen talde txikiena dagoela bertan. Espainiarren artean % 3 baino ez dira gerra iritsiko zaien beldur hori ez dutenak. Alemaniarren eta italiarren artean gehiago dira, % 14, beldurrik ez dutenak.  

Errusiarren erasoa gehiengo zabal batek gaitzesten du Europan. Alemaniarren % 82k, espainiarren % 86k eta herbehereetarren % 88k.

Harrigarria da, Grezian galdetutakoen % 34k soilik gaitzesten duela Errusiaren inbasioa. Gainera, % 5 dira erasoa onartzen dutenak. Horren arrazoia, ikerketa honen arabera, zera izan daiteke: Greziak eta Errusiak erlijio ortodoxo bera izateak, kontserbadore greziarren artean errusiarrak begi onez ikustea eragiten duela. Horri gaineratu behar zaio Greziako Alderdi Komunistak ezkertiarren artean eragin handia duenez, ezkertiarrek ere jarrera eszeptikoa dutela Mendebaldearen aurrean.

Errefuxiatuei ongietorria ematerakoan dagoen jarrera ere aldatu egiten da herrialde batetik bestera. Frantzian ongietorria ematen dietenak % 43 dira, ostera Alemanian jaitsi egiten da kopuru hori % 37ra. Grezian oraindik gutxiago dira errefuxiatu ukrainarrei ongietorria emateko prest daudenak, herritarren laurdena. Greziarren gehiagoak errefuxiatuen aurkako jarrera dauka.