Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

EBk Errusiarekiko jarrera aldatzeko eskatu dio Txinari

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Ofizialki, Pekin neutrala da Ukrainako gerran, baina buruzagi txinatarrek ez dute Errusiaren erasoa gaitzetsi.

Albisteak (1)

Europar Batasunak eta Txinak gaur izan duten goi-bilera birtualean Bruselak zera eskatu dio Pekingo Gobernuari: Errusiarekin duen harremana erabiltzeko Ukrainako gerra amaitu eta krisi humanitarioari irtenbidea eman diezaion. Hala azaldu da Charles Michel Kontseilu Europarreko presidentea Li Keqing lehen ministro txinatarrekin hitz egin ondoren. Ukrainako gerra pisu astuna izan da, hasieran merkataritza harremanak eta klima aldaketa aztertzeko izan den goi-bilera honetan.

Buruzagi txinatarrek ez dute oraingoz Ukrainaren aurkako Errusiaren erasoa gaitzetsi. Auzi honetan ofizialki Txinak neutrala izaten jarraitzen badu ere, bertako hedabideak eta prentsa ofizialak Errusiaren alde azaltzen dira, Estatu Batuen eta NATOren jarrerak salatzerakoan. Bere aldetik, Xi Jing Ping buruzagi txinatarrak Txinako telebistaren, arabera, bere itxaropena azaldu du, Europa Estatu Batuen menpekotasunetik irten dadin, eta Pekingo Gobernuarekiko harreman independientea izan dezan. Txinako Atzerri ministerioaren arabera, "Brusela eta Pekin bakearen, egonkortasunaren eta munduko ongizatearen alde elkarlanerako ados jarri dira. Txina gerra hotzaren zein beroaren aurka dago, eta mundua bloketan zatitzearen aurka ere bai".

Europar Batasunak duen merkataritza kide handiena da Txina. Baina Ukrainako gerra baino lehen bere harremanak nabarmenki hoztu ziren, Mendebaldeak Txinari ezarritako zigorren ondorioz. Zigor horiek Pekinek uigur herri gutxituari egindako bazterketa eta diskriminazioagatik dira.

Bere aldetik, Txinak eta Errusiak beren lankidetza berretsi dute. Sergei Lavrov Atzerri ministro errusiarrak Txinara egindako bidaiaren ondoren, Pekingo Gobernuko Atzerri Ministerioak goraipatu duenez, "Txina eta Errusiaren elkarlanak ez dauka mugarik".