Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Gerra krimenengatik Putin auziperatua izan daiteke?

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Adituen arabera, Putin presidentea edo beste agintariak auziperatzea oso zaila izan daiteke, eta kasu gehienetan urteak eman ditzake.

Frantziak, Alemaniak eta Mendebaldeko beste herrialde batzuek Butxan, Mariupolen eta Ukrainako beste hiri batzuetan gerra krimenak egiteaz salatu dituzte Errusiako agintariak. Izan ere, zibilak, kasu askotan umeak, izan dira erasoen helburu zehatzak.

Adituen arabera, Putin presidentea edo beste agintariak auziperatzea oso zaila izan daiteke, eta kasu gehienetan urteak eman ditzake.

Nola definitzen da gerra krimen bat?

Hagan egoitza duen Nazioarteko Zigor Auzitegiarentzat gerra krimen bat gertatzen da Genevako Hitzarmenaren puntu bat urratzen denean. Munduko Bigarren Gerraren amaieran lortutako Hitzarmen honek gerra garaian errespetatu beharreko arau humanitarioak ezartzen ditu. Hauen artean, debekatuta dago nahita helburu zibilei eraso egitea edo zilegi diren helburu militarrei eraso eginda gehiegizko biktima zibil eragitea.

SESBek 1954an berretsi zuen Genevako Hitzarmena. Errusiak 2019an bere protokolo bat gaitzetsi zuen, baina Hitzarmen honen gainerako edukiaren sinatzailea izaten jarraitzen du.

Nola jokatzen da kasu bakoitzean?

Karim Kahn Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusiak joan den hilean iragarri zuen Ukrainan ustez egindako gerra krimenei buruzko ikerketa zabaldu zuela.

Ez Errusia, ez Ukraina ez dira Nazioarteko Zigor Auzitegiko kideak, eta Errusiak ez du auzitegi hau aitortzen. Baina Ukrainak eman du bere oniritzia, 2014ko Krimearen anexioaz geroztik egindako ankerkeriak  ikertu daitezen.

Errusiak auzitegi honi ez laguntzea erabaki dezake, orduan salatutakoa atxilotu arte epaiketa atzeratu beharko litzateke.

Nola aurkezten dira frogak?

Auzitegi honek nazioarteko atxilotze agindua zabaldu dezake fiskalak gerra krimenak egin direla erakutsiko luketen "pisuzko frogak" aurkezten baditu. Kondena bat lortzeko fiskalak, edozein zalantzaren gainetik, akusatuaren errua erakutsi beharko du, adituen ustez.

Hori lortzeko modu bat izan daiteke fiskalak frogatzea erasotutako tokian ez zegoela helburu militarrik, eta erasoa istripu bat ez izatea.

Nor izan daiteke salatutakoa?

Adituen ustez, soldadu bat, agintari militarra edo estatuburu bat izan daitezke gerra krimenengatik ikertuak.

Fiskal batek, Putin edo beste edozein buruzagi gerra krimenengatik errudun direla, frogak aurkeztu ditzake. Alegia, legez kanpoko erasoa agindu zutelako krimena egiteagatik.  

Zerk egiten du zail gerra krimenengatiko kondena bat?

Adituen ustez, antzokiaren edo Mariupoleko ama-umeentzako ospitaleko bonbardaketak gerra krimenak dira, baina kondena bat lortzea oso zaila izan daiteke.

Gertaerez gain, hauen eta agintarien arteko lotura zuzena frogatu behar da. Alegia, Fiskalak frogatu behar du agintari horrek agindu hori eman duela. Gainera, fiskalak lekukoekin elkarrizketak egin behar ditu, eta askotan lekukoak ez daude hitz egiteko prest beldurragatik.

Salatuak auzitegiaren aurrera ekartzea ere oso zaila izan daiteke. Moskuk gaitzetsi egingo luke auzitegi horren edozein agindu. Beraz, Auzitegiak zain egon beharko luke salatutakoren bat beste herrialde batera doanean atxilotu dezaten.

Beste aukera, oso zaila oraingoz, Errusian aginte aldaketa izatea da. Orduan, Moskuko agintari berriek Putin auzitegi honetara eramatea.