Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Kvedaravicius, in memoriam

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Mantas Kvedaravicius Lituaniako zinemagilea hil zuten astelehenean, Ukrainako Azoveko itsasoaren ertzean den Mariupol hirian. Errazago altxatzen dira berriro etxeak, azkarrago zaharberritzen dira porlanezko zubiak erraietako zauriak sendotzen eta arimaren tristezia uxatzen baino.

Dakigun bezala, ez da lehena izan. Dakigun bezala, ez da azkena izango. Bera baino lehen beste hamaika hil ziren, hil zuten. Beraren ondoren, beste hamaika bat hilen dira, hilen dute.

Mantas Kvedaravicius Lituaniako zinemagilea hil zuten astelehenean, Ukrainako Azoveko itsasoaren ertzean den Mariupol hirian. Ez da lehena izan, ederki  dakigu. Ez da azkena izango, armada orok jakin badakielako kamerak direla bidegabe jokatzen duten guztien kontrako armarik onena. Eta ez bakarrik munduari jakinarazi dioten salaketagatik, baizik eta txispaz armaturik eta auskalo zein banderak zabalik datozen horiek euren piztia portaera gupidagabe eta ankerra jasotzen baitu ispilu moduan eta beren kontra errebotez bidali.

Mantas Kvedaravicius filmatzen ari zen kaleetan barna. Aspalditik eman ohi digu gure babes zonatik hain urrun izan diren  herri, herrialde, paisaia horien berri eta irudi.

Munduko zinemaldi guztiek aukeratzen zituzten bere  filmak. Sariketarako. Emanaldi berezietarako, ikusleek propio izan ohi duten garaikurrarentzako hautagai. 

Munduko zinemaldi guztiek, bai. Vilniusekoak, esaterako. Berlinalek, adibidez. Veneziako Mostra barruan den La Settimana della Critica sail abangoardiakoa, muturrekoak. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak…

Bai, gurean ere. Badira egunak, badira pelikulak  izan genuela antropologo eta arkeologoa zen sortzaile honen notiziya. Izan ere, 2011an Victoria Eugenia antzokian estreinatu zuen  Berlinen urte berean Amnesty Internationalen sari nagusia  merezi izan zuen Barzakh. Une hartan, Txetxeniara eraman gintuen  Mantasek. Zera kontatu nahi zigun 45 urtez hil den (duten) artistak bertan: barruko eta kanpoko berreraikitze lanak eta afanak, ez baita ez erraza ez gozoa inongo, inoizko, inoren gerraostekoa. Errazago altxatzen dira berriro etxeak, azkarrago zaharberritzen dira porlanezko zubiak erraietako zauriak sendotzen eta arimaren tristezia uxatzen baino.

Bere lanetan etikari  eta estetikari errespetu osoz heltzen zion Kvedaraviciusek. Filmatzeko bere era ederra zen, pausatua, gardena. Intelektualki, beti aurkitzen zenuen orain Historiaren alde zuzena deitzen hasi diren esparru horretan. Egia esatearren, Mantasentzat Historiak ez zuen ez alde zuzenik ez okerrik. Berarentzat gizakirik gabe, ez Historiarik ez istoriorik. Eta kotxez zihoala, astelehenean tiroz hil zuten Kvedaravicius beti zegoen gizakion alde. Kameraz eta bihotzez.

Beste film bat aurkituko duzue orain hedabide guztietan agertzen den  Mantasen filmografian. Ez dakit patu gupidagabe eta guratsuaren graziarik gabeko burla ote den, baina justu bere hilobia bilakatu den hiriari kamerak luzaturiko amodiozko gutuna dirudi film bigarren honek.

Mariupolis du, hain zuzen ere, izenburu eta bertan bizi izan ziren poetak eta zapataginak ditu begietan, oroipenetan, bihotzean, ezpainetan, hizkietan.

Poesia jada ez da Azov itsasoaren ertzean. Hara itzuli zen Mantas, kamera eskuan. Han hil zuten tiroz  astelehenean. Ez da lehena izan. Ez da azkena izango.