Itxi

Faktoria

NERABEAK PANDEMIAN

“Eskoletan psikologo eta gizarte langile gehiago behar dira, egoera kezkagarria da”

M.S. | EITB MEDIA

Pandemia hasi zenetik urterik latzena ari dira izaten ikastetxeetan; antsietate krisiak, anorexia, eta elkarbizitza arazoak antzeman dituzte Bigarren Hezkuntzako hainbat ikaslerengan. Izan eskola publiko, izan pribatu, lurralde guztietan, arazoa orokorra da.

  • Hainbat ikasle ikastetxera bidean

    Hainbat ikasle ikastetxera bidean

    24:06 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ikastetxeetako ordezkariak kezkaz  bizi dute ikasleek bizi dituzten antsietate mailak nabarmen gora egin izana. Eva Rodriguez, Durangoko Jesuitak ikastetxeko zuzendariak, Goizargi Iglesias, Errenteriako Orereta Ikastola-ko orientatzaileak eta Ana Mendizabal, Bilboko Unamuno Ikastetxe publikoko zuzendariak, hirurek bat egin dute pandemia garaiko ikasturterik zailena ari dela izaten, antsietate kasu asko ari direla izaten eta jarrera aldaketak antzeman dituzte gazteengan.

Egoeraren larritasuna ikusita gazteen ongizatea bermatzearen garrantzia azpimarratu dute, bide horretan hezkuntza sailak laguntzak bideratu arren, hiru eskolatako ordezkariak bat datoz baliabide gehiago jartzearen premiaz. "Ikuskariak jakinaren gainean daude, beharrak zein diren jakin badakite, baina ez dira baliabide nahiko eta horien bideraketa egokia behar da", Iglesias. Ikastetxeetan psikologo eta gizarte hezitzaileak izatearen beharra azpimarratu dute hirurek, orientazio mintegiak indartzeko.

Durangoko Jesuitak ikastetxeko zuzendariak dio gazteek "beldur handia" dutela, urduri daudela; izan ere, pandemiak euren ikaskideekin duten harremana asko aldatu duela, eta horren isla izan daitekeela antsietatea. Hala baieztatu du Errenteriako Orereta ikastolako orientatzaileak ere: "Beraien beldurretatik abiatzen da antsietatea edo depresioa". Argazki beretsua egin du Bilboko Unamuno ikastetxe publikoko zuzendariak ere, eta gaineratu du depresio eta antsietate kasurik gehienak nesken artean antzematen dituztela. Egoera horri gehitu dio familiaren egoera: "familia batzuen egoera kaskartu egin da eta hori guztia gazteen motxilara doa".

Gazte askok ez dute musukoa kendu nahi

Musukoa kentzeko aukera izanagatik ere, gazte askok diote lotsa ematen diela euren aurpegia erakusteak. Iglesiasek dio euren ikastolan oporraldi aurretik asko zirela musukoa kendu nahi ez zuten ikasleak. Eta gaineratu du, arrazoi horren atzean lotsa dagoela:  "Gazteen fisikoa aldatu egin da musukoa zeramatzatenean, aurpegian aldaketan egon dira eta orain ez dute aurpegia erakutsi nahi".