Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Murmansk aldera goazela, egin beharreko tren-aldaketa zeluloide zein paperezkoak

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Ez badiozue Juho Kousmanenek egindado Hytti nr 6/ Compartiment Number 6/ Compartimento nº 6 izenburuko horri erreparatzen, damutuko, penatuko, lotsatuko, tristatuko zarete gero

Bada gurean alde, bazter, txoko batera utzi ezinezko film bat. Ez badiozue Juho Kousmanenek egindado Hytti nr 6/ Compartiment Number 6/ Compartimento nº 6 izenburuko horri erreparatzen, damutuko, penatuko, lotsatuko, tristatuko zarete gero. Arestik idatzi zuen legez, sipula-sipulorum. Amen.

Erremediorik gabeko galera suertatuko zaizue, eta inori ez diozue errua bota ahalko Cannesen estreinatu zenez geroztik denok egin baitugu sutsu bere alde. Hitz, berba, hizki, soinu egin bere faborean, zuek gal ez dezazuen.

Tren bat hartu behar dugu. Luzea izango da bidaia. Luzea oso. Moskun sartuko gara 6 zenbakia duen konpartimentuan. Ez, ez pentsa Iparraldea zeharkatzen duen TGVan joango garenik. Ezta Madrildik  Sevillara ordu pare batean iristen den AVEn. Ez kezkatu, ez goaz Euskal Herriko hiriburuak istant batean lotu behar zituen arren oraindik alegiazkoa den AHT horretan. Ez, segun eta zein edadekoak zareten ezagunak/ezezagunak egingo zaizkizuen  aspaldi zaharrean burdinazko bideetan barna zihoazen tren horietako batean dugu erreserbatua lekua.

Konpartimentu itxi batean. Zorionak, zoritxarrak edo patu guratsuak erabaki dute, dagoeneko, nolakoa jasan/gozatu  ezinbesteko konpainia gurea. 1934 kilometro dugu egiteko. Gau eta egun pare bat  emango dugu hala moduzko banku eta literan. Bagoiaren zaindariak tea salduko digu, eta izan bada bazkariak zein afariak eskaintzen dituen bagoia, baina izokina eta kabiarra trena martxan jarri orduko, menutik kanpo izango dira…

1934 km. Benetako trenak 34-39 ordutan egingo ditu. Zeluloidezkoa hartuz gero, 107 minututan iritsiko gara laku izoztu baten ertzera.  Hara goaz egun 10.000 urte gure arbasoek bertako harrien gainean marrazturiko  irudiak nahi ditugulako ikusi.

1.934 kilometro. 107 minututan.  Zelako bidaia! Ikaragarria, markatik fuera-fuerakoa. Gizakiok ditugun kezka, ardura, amets, tristezia, alegrantzia, lokamuts oro agerian. Herrialde baten isla. Hautsez eta terrorez beterikoa. Alkohol txarraren kiratsa dario filmari. Minaren usain gazia. Baina derrepentean… Derrepentean, zer?  Ez dizuet esango,  zuek behar duzue pelikula ikusi. Hemendik, gauza bakar bat: tren-aldaketa bi gomendatzen dizuet, helmugara iritsi orduko eta etxera bueltatzerakoan ahalik eta oroipen bikainenak, sendoenak, ezabagaitzenak izan ditzazuen. Bata zeluloidezkoa da. Paperezkoa bestea.

Juho Kousmanen zinemagile finlandiarrak badu ikusgai Filmin plataforman bere lehenbiziko lan txit, arras, osoki  gomendagarria, Hymyilevä mies /The Happiest Day in the Life of Olli Mäki/  El día más feliz en la vida de Olli Mäki/, 2016ko zuri-beltzezko harribitxia. Bertan zera kontatzen digu  Cannes seko eta gozo harriturik, txunditurik, utzi zuen autoreak:  boxeolari fin-fin bat munduko koroa lortzeko prestatzen  ari da. Gimnasioan, ring gainean, saunan. Arazo bakarra? Raja izeneko neska batekin maitemindu dela… Malenkonia epelaz gainezka egiten du 4 euroren truke zuen etxe barruko pantaila pribatuan ikusi behar duzuen fabula honek.

Paper gainean egin behar duzue bigarren  tren-aldaketa.  Gaztelaniaz zein ingelesez. Espainolez,  Hegoaldeko liburu-denda preziatuenetan duzue salgai  Hytti nr 6/ Compartiment Number 6/ Compartimento nº 6 filmerako abiapuntua suertatu den Rosa Liksom idazlearen liburua. Irakurtzeko aukera galduz gero, dolutuko zarete. Berriro. Betiereko.

Beste kontu batek ere beteko dizkizue  begiak malkoz; paperezkoa esku artean duzuela hartzen baduzue zeluloidezko trena, ezin hobe konprenituko duzue batean erabilitako lengoaia ez dela besteak darabilena baina biak direla zinez benetakoak. Ez galdu tren horiek, otoi.